Kamioi bat kateatuta geratu da Idiazabalgo Urrutikoetxea baserri parean
Garabi handi bat kamioia ateratzeko lanetan aritu da goizean zehar. Gurpila baserriko baratzera sartu eta kateatuta geratu da. Kamioia Ciudad Realdik Segurako Guardi poligonora zihoan.
Azken astean bigarrenez atera behar izan dute gaur goizean kamioi bat Idiazabalgo Urrutikoetxea baserri pareko bidetik. Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak adierazi duenez, Google Maps aplikazioak azken astean egindako aldaketa baten ondorioz, Altsasu (Nafarroa) aldetik Segurako Guardi industrialdera doazen kamioiak bigarren mailako errepide horretatik bideratzen dituzte.
Urrutikoetxea baserria Idiazabalgo gainaldean dagoen baserri bat da, Lobioko begiratokitik Segurara norabidean kokatuta. Baserri bidea izanik, kamioiak ez atzera eta ez aurrera geratu dira azken astean. Goizean, garabi handi batek gerturatu behar izan du kamioa bertatik ateratzera, gurpiletako bat baratzera sartu eta kateatuta geratu eta gero.
Pasa den astean antzeko beste gertakari bat jazo zen leku berean. Ordu hartan, Ertzaintzak atera zuen kamioia errepidean ez aurrera eta ez atzera geratu ostean.