Tren sozialaren aldeko eta AHTaren aurkako elkarretaratzea egingo dute Beasainen
Urtarrilaren 19rako deitu du protesta bilkura Goierriko AHTrik ez plataformak. Apirilaren 20an, berriz, manifestazioa egingo dute Altsasun.
Nafarroako Trenaren Alde, Araba Trenaren Alde eta Goierriko AHTrik ez! plataformek tren sozialaren aldeko eta AHTaren aurkako dinamikak antolatu dituzte datozen asteetarako. Lanketa guztia apirilaren 20an borobilduko dute, Altsasun Alternatibaren alde. Herritarron hitza errespetatu goiburupean egingo duten manifestazioarekin. Gaur eman dute horren berri Altsasun egin duten agerraldian.
Aurrez, beste bi ekimen egingo dituzte. Batetik, urtarrilaren 19an, 18:30ean, elkarretaratzea egingo dute Beasaingo tren geltokiaren aurrean, baita Arabako eta Nafarroako beste hainbat tokitan ere. “Elkarretaratzeak herritarron hitza errespetatzeko eskatzeko, aurkeztutako Alternatiba aurrera eramateko eta AHTrako plataforma berri bat eraikitzeko zundaketak geldiaraztea eskatzeko egingo dira”. Eta bestetik, otsailaren 22tik 25era, Tren publikoa eta sozialaren aldeko jardunaldiak egingo dituzte Nafarroako Sakanako, Arabako Lautadako eta Goierriko hainbat herritan.
Egungo trenbidea hobetzea
Plataformako kideek hiru bide-ingeniarik duela urte eta erdi idatzi eta aurkeztutako Alternatiba “aurrera eramatea” eskatzen dute. “Azterlan tekniko alternatiboa egungo bideen egokitzapenean eta hobekuntzan oinarritzen da, eta eragindako herri eta kontzejuen eskaerak jasotzen ditu, Garraio Ministerioak proposatutakoa baino 2.000 milioi euro gutxiagoko kostu ekonomikoarekin”.
Haien esanetan, “abantaila handi bat” planteatzen du Alternatiba horrek: “Salgaien eta pertsonen trafiko mistorako erabil daiteke. Era berean, abiadura handiko distantzia luzeko zerbitzua eta aldiriko eta eskualdeko trenak ere barne hartuko lituzke, eskaera guztia trenbide-plataforma bakar batekin betez”.
Alternatiba horrek jasotzen duenez, Burgos Gasteizekin eta Gasteiz Iruñearekin lotzen dituzten tren lasterrentzako bidaia-denborak “10 eta 8 minutu baino ez” lirateke handituko, baina trukean, ibilbide osoko geltoki eta geraleku guztiak hobetu eta berreskuratuko lirateke, eta ingurumen-inpaktua askoz ere txikiagoa izango litzateke”.
Gaur egungo azpiegitura modernizatu eta egokitzeari esker, plataformak diote “egungo trenek hobera” egingo dutela segurtasunean, eta lurperatzeak ere planteatuko liratekeela Altsasun eta Agurainen, “hiri-integrazio hobea lortzeko”.
Konponbide “erreal eta bideragarri” baten alde
Azterketa hori herri-plataformen eta Adifen eta Renfen ordezkaritza duten sindikatu guztien artean lortutako akordioetatik sortutako “konponbide erreal eta teknikoki bideragarri bat eskaintzeko asmoarekin” egin dutela nabarmendu dute deitzaileek.
Horrez gain, Frantziako Gobernuak Hendaia eta Bordele artean abiadura handiko tren-azpiegitura berri bat ez eraikitzea erabaki ondoren, eta Irun, Baiona eta Bordeleko alkateek egungo trenbide-trazadura hobetzeko proposamena egin eta gero, haien Alternatibak eta obrak gelditzeko eskakizunak “inoiz baino indar handiagoa” hartzen dutela uste dute.