Hasi da gipuzkoar erako aurresku txapelketa
Legazpiko Latxartegi aretoan hasi da gaur txapelketa eta 30 dantzarik parte hartuko dute. Araitz Berasategi, Irune Azpeitia, Jon Alberdi, June Osinalde, Maria Sanchez, Nora Escudero eta Eider Carballo legazpiarrak izango dira tartean.
Hasi da gazteen mailako gipuzkoar erako aurresku txapelketaren seigarren edizioa. Txapelketa ligaxka eran jokatuko da, eta hiru ataletan dago banatuta, partaideen adinaren arabera. Guztira 70 dantzari izango dira: A sailean 7-10 urteko 23 dantzari arituko dira, B sailean 11-14 urte bitarteko 26 dantzari, eta D sailean, 15-16 urteko 21.
Dantzari zaharrenen bi kategoriak Latxartegin hasi dira lehiatzen, eta maiatzean amaituko dute, bakoitzak hiru saio egin eta gero. A saileko gazteenak otsailaren 25ean hasiko dira, Oiartzunen, eta bakoitzak bi saio egin ondoren, horiek ere maiatzean amaituko dute txapelketa.
Txapelketan zazpi legazpiarrek parte hartuko dute, Goierriko ordezkari bakarrak izango direnak. Araitz Berasategi, Irune Azpeitia, Jon Alberdi, June Osinalde, Maria Sanchez, Nora Escudero eta Eider Carballo dira Legazpiko partaideak. Herriko bi dantza taldeetako partaideak dira.
Legazpiko gaurko saioarekin B eta D sailekoen ligaxkak abiatu dira. Guztira 30 dantzari arituko dira lehian, hamabost kategoria bakoitzean. Legazpiarren artean, B sailean jardungo dute Berasategik, Alberdik, Osinaldek eta Escuderok, eta Azpeitia, Carballo eta Sanchez D sailean lehiatuko dira.