Barandiaran museoa eta Sara etxe ezagutzeko aukera igandean
Ataungo San Gregorio auzoko Barandiaran museotik abiatuko da bisita gidatua, eta ondoren Sara etxera joango dira. Izena ematea nahitaezkoa da.
Joxe Migel Barandiaranen Sara etxeko liburutegiaren irudia. // ARGAZKIA: Aimar Maiz Milaka bisitari igaro dira jada Ataungo Barandiaran museotik, 2010ean zabaldu zutenez geroztik. Oraingoan, eskaintza “berezi-berezia” prestatu dute, museoaz gain, Jose Migel Barandiaran bizi izan zen Sara etxea ere bisitatzeko aukera izango baitute herritarrek urtarrilaren 21ean. Ataungo Udalak, Jose Migel Barandiaran fundazioak eta Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak antolatu dute lankidetzan.
Bisita gidatua Ataungo San Gregorio auzoan kokatua dagoen Barandiaran museoan izango du abiapuntua, 11:00etan. Han, hasteko, Barandiaranen bizitzaren eta lanaren gako nagusiak azalduko dituzte ikus-entzunezkoen eta gidariaren azalpenen bitartez. Jarraian, 10-15 minutuko ibilaldia egingo dute Sara etxeraino. Barandiaranen etxea eta bere eguneroko bizitzako txokoak zein objektuak ezagutuko dituzte han. Joandako bidetik itzuliz, museoan bukatuko da bisita, bi ordu inguruko saioa osatuz.
Aurrez izena eman beharra
Jose Migel Barandiaran erbestean bizi izan zen 17 urtez (1936-1953), Lapurdin, horietako hamahiru Sara herrian. 1953ko urrian itzuli zen jaioterrira eta Murkondo auzoan Sarako Bidartea etxea eredutzat hartuta egindako etxean eman zituen hil arteko urteak (1991), Pilar ilobarekin.
Bisitak euskaraz izango dira, nahitaezkoa da aurrez izena ematea eta plaza mugatuak dituzte. 14 urtez gorakoei zuzenduak dira eta 6 euroko prezioa dute.
Informazioa eta izena emateko: 943 180 335 – 688 895 069 barandiaran@gipuzkoanatura.eus.













