Eskualdeko industria turistikoaren egitasmo estrategikoa aurkeztu du Goitur-ek
2023-2030 aldirako egitasmo estrategikoa eta marketin plana aurkeztu dituzte gaur goizean, Altzagan. 207 ekintza zehaztu dituzte. Lehenengo xendazaletasun foroa Zegaman izango da, apirilean.
Goitur-eko, Eusko Jaurlaritzako, Aldundiko eta Goierriko udalerrietako ordezkariak, gaur goizean, Altzagako Ertoetxe Etxean.//L.G. 2023-2030 aldirako Goierriko industria turistikoaren egitasmo estrategikoa eta marketin plana aurkeztu ditu Goitur Goierriko turismo agentziak. 2022 urte amaieran hasi ziren estrategia lantzen, eta iaz bukatu zuten, urte bukaeran. Eskualdeko industria turistikoa sendotzea izango du helburu Goitur-ek, bailarako hemezortzi udalerrien, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlanean oinarrituta.
Bederatzi hilabete eman dituzte egitasmo estrategikoa osatzen. Aurtengo ekintza planean dagoeneko txertatu dituzte hainbat. Niko Osinalde Goitur-eko zuzendariak azaldu duenez, “bide orria izango da 2030 urtera arte”. Hiru fasetan banatu dute egitasmoa: diagnostikoa, hausnarketa eta ekintza plana.
Diagnostikoari dagokionez, Goierriko alojamenduen eskaintza turistikoa, produktu turistikoak eta Goitur-en kudeaketa aztertu dituzte, baina baita turistek non eta nola bilatzen duten eskualdearen inguruko informazioa eta sare sozialetan zer esaten duten ere. Jasangarritasunari lotuta, 2030 agendan jasotako garapen jasangarrirako 17 helburuei industria turistikoak egiten dien ekarpena neurtu dute. Parte-hartze prozesu ireki bat egin zuten eskaintzaren ikuspegia osatzeko, eta indarguneak, ahuleziak, aukerak eta mehatxuak identifikatuz amaitu zuten diagnosia.
Hausnarketaren atalean, berriz, helburuak finkatu dituzte eta posizionamendu turistikoa zehaztu dute. Posizionamendu horretan, natura, gastronomia (Idiazabal gazta), mendiko kirola eta euskal kultura hartu dituzte oinarrian Goierri ezagutzera emateko: “Goierri, naturan egiten diren jardueren paradisua, bi Parke Naturalek inguratzen duten landa ingurunean kokatua, Idiazabal gaztaren sorlekua eta mendiko kirol probetan erreferentea, bertatik Euskadi ezagutu, bertako gastronomia dastatu eta benetako euskal kulturan murgiltzeko”.
Azkenik, lau ardatz finkatu dituzte ekintza planean, eta 207 ekintza zehaztu. Lau ardatz horiek gobernantza eta lehiakortasuna, berrikuntza eta teknologia, produktu turistikoak eta promozioa eta komertzializazioa dira. “Horiek izango dira etorkizuneko erronkak, urtetik urtera ekintza ezberdinak txertatuko ditugularik”.
Giltzarriak
Gaur goizean aurkeztu dute egitasmo estrategikoa Altzagako Ertoetxe Etxean. Bertan izan dira Niko Osinalde Goitur-eko zuzendaria, Adur Ezenarro Ordiziako alkate eta Goitur-eko presidentea, eskualdeko udalerrietako ia alkate edo ordezkari guztiak, Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketako diputatua eta Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua.
Ezenarrok hartu du hitza lehendabizi. Egitasmoa “giltzarritzat” jo du hurrengo urteetarako, eta udalerrien eta administrazioen arteko elkarlana azpimarratu du: “Azken urteetan turismoa hazi egin da eta hazten doa Goierrin, eta horri erantzuteko ezinbestekoa da sarean lan egitea eta garapen ekonomikoan giltzarri den sektore turistikoa bultzatzea”. Azken urteetako lanak izan dituen emaitzak ere nabarmendu ditu, sariei erreferentzia eginez. Besteak beste, Goitur-ek Euskadi Turismo Saria jaso zuen iaz, Zerain estatuko herri politenen artean aukeratua izan zen eta GR-283 Idiazabal Gaztaren Ibilbideak National Geographic-eko irakurleen saria irabazi zuen. “Argi daukagu orain arteko ildotik jarraitu behar dugula”.
Dominguez diputatuak, berriz, “plan anbiziotsuak arrakasta” izango duela agertu du baikor, eta desestazionalizazioan eta produktu turistikoen banaketan jarri du fokua, esanez, Goierriko eskaintza gakoa dela turismoa Gipuzkoako lurraldean banatzerako orduan: “Zentzu horretan pausoak ematen laguntzen diguzue. Gipuzkoa barnealdeak asko dauka eskaintzeko eta Goierri adibide ona da”.
Lehendabizikoa, Zegaman
Hurtadoren hitzaldiarekin amaitu da gaurko aurkezpena. Administrazio ezberdinen arteko elkarlana azpimarratu du berriz ere, agentziaren, udalerrien, aldundiaren eta Jaurlaritzaren artekoa, alegia, eta ekitaldi berri baten berri ere eman du: Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko lehendabiziko xendazaletasun foroa egingo dute aurten, espresuki mendi-ibiltaritzaren ingurukoa, eta Goierrin izango da. Zegama aukeratu dute horretarako, “mendi maratoiak mundu mailan duen proiekzioa kontuan izanda egokia”. Apirilean egingo da, hala, Goierrin, I. Xendazaletasun Foroa.













