Futbolak errealitatea eralda dezake?
Oinarrizko futbola osatzen duten jokalari eta familien artean gurasotasun positiboa eta haurren ongizate emozionala lantzeko formakuntza saioak egiten ari dira Goierriko hainbat klubetan.
Hainbat gazte, Beasaingo Loinatz futbol zelaian, artxiboko irudi batean. //Argazkia: Iñaki Gurrutxaga Alex Remiro Realeko atezainak eta Futbol Mas gobernuz kanpoko erakundeak elkarlanean oinarrizko futbol taldeetan gurasotasun positiboa sustatzeko eta haurren eta familien ongizate emozionala bermatzeko proiektu bat abian jarri dute Gipuzkoan. Kirol psikologian adituak diren profesionalek gidatuta, gurasoei formakuntza saioak eskainiko zaizkie. Gipuzkoako 50 klubetara iristea dute helburua. Dagoeneko, 17 klubekin egin dituzte formaziook. Idiazabalen bihar egingo dute bigarren saioa. Legazpiko Ilintxa eta Urretxuko eta Zumarragako Urola kirol klubekin ere martxan da elkarlana eta otsailean Goierri Gorrirekin hastekoak dira. Futbolaren bitartez errealitatea eraldatzeko lehen urratsak eman dituzte, jada, Goierrin.
Pasa den astean, Idiazabal kirol elkarteko 23 gurasok parte hartu zuten Futbol Maseko Irati Garzon kirol psikologoak gidatutako formakuntzaren lehendabiziko saioan. Zenbakia bera, arrakastatsua da Garzonen hitzetan, «bi mila biztanleko herri batean halako parte hartzea izatea lorpen handia da», esan du. Balorazio positiboa egin du, «oso gustura egon ginen eta parte hartu zuten gurasoek gauza polit asko partekatu zituzten», dio.
Kirolaren esparruan, kasu honetan futbolean, oinarrizko taldeetan jokatzen duten haurrei «espazio seguruak bermatzea» du helburu proiektuak, horretarako «familien heziketan sakonduz». Oinarrizko futbolean suertatu daitezkeen zenbait egoerei aurre egiteko bitartekoak eskainiko zaizkie gurasoei eta klubetako arduradunei, hala nola, presio egoerak nola kudeatu, gatazkak nola konpondu edo erabaki egokiak nola hartu. Bide batez, maila hauetan jokatzen duten neska-mutikoen ongizate emozionalean negatiboki eragin dezaketen jarrerak saihesten eta modu egokian kudeatzean irakatsiko zaie. Garzonek azpimarra egin du, «gurasoek zelaian izan ditzaketen jarrera desegokiak bideratzeko ikastaroak dira, baina, batez ere, jada ongi egiten duten hori indartzeko».
Claudio Tosi Idiazabal Kirol elkarteko kirol zuzendariak azaldu duenez, Euskadiko Futbol federazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartez izan zuten formakuntza saio hauen berri, eta «oso interesgarria» iruditu zitzaien hasieratik.
Denentzako lekurik ez
Idiazabalen futbol eskolatik hasita jubenil mailara arteko futbol taldeak daude gaur egun, eta guztira «200 bat neska eta mutiko» aritzen dira bertan. Gehienak idiazabaldarrak diren arren, inguruko herrietako futbol taldeetan «lekurik ez duten» neska-mutikoak ere aritzen dira klubeko futbol taldeetan. «Idiazabal herri txikia izanik, kanpoko jokalarien beharra daukagu taldeak osatzeko. Modu honetan, Idiazabalgo neska-mutilei herrian bertan jokatzeko aukera eskaintzen diegu, eta beren herrietako taldeetatik kanpo geratu diren horiei futbolean jokatzen jarraitzeko leku bat bermatzen diegu», dio Tosik.
Izan ere, errealitate gordina da hori Goierriko futbol jokalari gazte askorentzat Tosiren hitzetan. Maila altuagoetan taldeak dituzten klub handiagoak «oso masifikatuta» daudela uste du: «Hamabi urterekin hautaketa egiten dute leku askotan eta batzuk kanpoan geratzen dira. Oso zaila da klub horietan denentzako lekua egitea». Gaia «konplexua» dela aitortzen du baina egoera horretan Idiazabalera iristen diren jokalari asko «ziurgabetasun eta zalantza askorekin» iristen direla gehitu du.
Haurrak, azken saioan
Bihar, 17:30etik 19:30era egingo dute formakuntzako bigarren saioa Idiazabalen, udaletxeko areto nagusian. Guztira hiru saio izango dira, azkena, urtarrilaren 25ean ordu eta leku berean. Pasa den astean «erresilientziaren kontzeptua eta haurren eskubideak» landu zituzten, Garzonek argitu duenez. «Gurasoen komunitate erresilienteak sortzen saiatzen gara, haien bitartez balio horiek ere seme-alabei transmititu eta zailtasunen aurrean baliabideak eskaintzeko».
Biharko saioan, «gurasotasun positiboan» sakonduko dute, jolasaren bitartez. Azkenekoa, guztietan ezberdinena izango da, haurrek ere parte hartuko dutelako. «Jolasaren bitartez landutako kontzeptuak praktikan jarriko ditugu», esan du Garzonek, «seme-alaben eta gurasoen arteko une polit bat sortzen saiatuko gara», gehitu du.
Futbol Mas erakundea Txilen (Hego Amerika) sortu zen 2008an, jolasaren eta futbolaren bitartez haurrentzako espazio seguruak sortzeko helburuarekin. Gaur egun, munduko 11 herrialdetan ari da bere proiektuak garatzen. Gipuzkoan, oinarrizko futbolaren bitartez, gizartean eraldaketa bat eragitea izango du helburu nagusia.













