«Musikari ez diot mugarik jartzen, bukaera gabekoa baita»
Umetan ikasitako trikitia COVID aldian berreskuratu ondoren, gogotik ari da musika sortzen Unai Albisu (Lazkao, 1983). ‘Sacame un badago de esos’ bilduma ondu du, zortzi abestikoa, eta sarera libre igo du.
Unai Albisu trikitilari lazkaotarra. // ARGAZKIA: Aimar Maiz Musika bilduma bat atera duzu. Interneten jarri duzu?
Spotify, Apple Music, Youtube eta plataforma horietan denetan dago. Planeatu gabeko zerbait izan zen. Urte askoan trikitiarekin ibili naiz; 9 urterekin hasi nintzen Juan Tapiarekin, Koldo Iparragirrerekin segitu nuen, eta hamar-bat urte ibili nintzen. Gero, beste hamar urtean soinua ukitu gabe egon nintzen; edade kontuak. 27 urterekin berriro sartu zitzaidan harra; soinu bat erosi nuen, trikiti piezekin hasi nintzen, eta COVID garaian ea nire piezak atera nintzakeen proban hasi nintzen. Nahiko erraz ari zaizkit ateratzen, eta gustura eta ilusioarekin nabil.
Zer motatako piezak dira, eta nola grabatu zenituen?
Ez da trikiti klasikoa, folk estilora doaz. Grabazioa etxean egin nuen da, mobil batekin. Bi pistarekin grabatu, eta lankide batek duen masterizatzeko softwarearekin, hark masterizatu eta nahastu ditu. Eta igo, besterik gabe. Aurrena soinua grabatu nuen, eta gero ahotsa.
Kantatzen ondo moldatu zara?
Orain arte ez dut sekula kantatu, oraintxe hasi naiz pixka bat entonatzen. Inongo nahirik edo intentziorik gabe ari naiz. Musikarekin gozatzen dut, eta kito.
Zer letra sartu dizkiozu?
Kritika sozialerako letrak dira batzuk. Ilun aldera jotzen dute. Juerga-asmokoak beste batzuk; niri asko gustatzen baitzait.
Plataformetan zer izenetan aurki daiteke zure albuma?
Burrindongo izen artistikoarekin jarri ditut. Parranda gau bateko kontuak… Albumak Sacame un badago de esos izena du.
Nola?
Lehen, Salda badago jartzen zuten tabernetan. Gu Manuelenean asko ibiltzen ginen, eta bazen tipo bat, sartzen zen, eta ‘sacame un badago de esos’ [atera iezadazu ‘badago’ horietako bat] esaten zuen. Ez zuen kapazitaterik salda esateko ere, edo salda zer den jakiteko ere [barreak].
Gehiago sortzen ari zara?
Bai, beste sei edo zazpi bat abesti badauzkat. Lanetik etorri, eta arratsalde guztia soinuarekin aritzen naiz etxean. Oso gustura ari naiz. Trikitia si-bemol tonuarekin ikasi ohi da; tonu agudo samarra da, oso bortitza iruditzen zitzaidan etxerako behintzat. Nazkatu nintzen. Sol tonuko Salterelli bat erosi nuen, semidiatonikoa, bi ahotsekoa, eta horrekin zoratzen nago. Musika egiteko eta jotzeko oso atsegina da. Nire ahotsarekin bat dator, gainera.
Musikazalea betidanik zara?
Musika asko maite dut nik. Haritz Artola, Unidad Alavesa eta hauek denak oso erreferenteak dira niretzat. Trikitia ikasi nuen, baina ni punky aldetik noa. Musika, izaera eta letra punkyak gustatzen zaizkit.
«Baten batek esan dit punky puntu bat aurkitu diola nire musikari»
«Ni bakarrik ibiltzekoa hobea naizela uste dut, neure kasara. Erosoago sentitzen naiz bakarrik»
Nola batu punka eta trikitia?
Hortik jo nahi dut, eta bide hori jorratzen ari naiz buru-belarri. Ez da askotan ikusi trikiti semidiatoniko bat punky puntuan. Uztartuko banitu… Aztarna bilatzen ari naiz. Baten batek esan dit punky puntu bat aurkitu diola nire musikari.
COVID garaiak sormenerako eman zuen, beraz?
Bai. COVID garaian denboraldi bat oso txarra pasatu nuen, depresio puntuarekin. Etxean egon beharra oso-oso gogorra suertatu zitzaidan. Soinua izan nuen ihesbidea. Kaskagogortu nintzen, eta aurrera daramat.
Bi emanaldi egin dituzu Lazkaon, Giroa tabernan eta Ixurrenen. Zer moduz?
Bi emanaldietan oso ondo sentitu nintzen. Jendaurrekoak ez dit aparteko presiorik eragiten. Beste kontzertu bat Ordiziako Sugaar tabernan neukan, baina gaixotu nintzen eta ezin izan nuen. Udaberrirako antolatu dugu.
Zer asmo duzu aurrerantzean?
Gitarra jotzaile batekin ere hasita nago, akustiko aldetik. Baina hor ez naiz oso eroso sentitzen. Ni bakarrik ibiltzekoa hobea naizela uste dut, neure kasara. Erosoago sentitzen naiz bakarrik: kantak nik sortutakoak dira, nire erakoak, nire erritmoa daukate… Musika oso pertsonala da. Letrak ere nahiko biografikoak dira, nire zorakeriekin eta…
Soinu teknikari bezala ere ibiltzen zara.
Bai, Soraluzerekin. Niri musikarekin lotutako dena gustatzen zait. Are gehiago, niri ez zait beste ezer interesatzen, oraintxe bertan. Musika pasioa da niretzat. Aisialdi guztia eskaintzen diot; geroz eta gehiago, gainera.
Zerk erakartzen zaitu horrenbeste musikatik?
Ez dagoela mugarik. Ikertzeko hondorik gabeko putzua da: beti dago ikastekoa, beti harritzen zaitu zerbaitek… Denetik aditzen dut: jazza gustatzen zait, bluesa, folka, countrya ere bai
–Johnny Cash eta hauek beti gustatu izan zaizkit–, Johnny Gallagher, Eskroto, Cojon Prieto… Eta korrido mexikarren aldetik segiz gero, bukaerarik gabeko mundua da. Los Tigres del Norte… Pasioa diet.
Eta horietatik denetatik ateratzen da zure koktel musikala?
Bai. Nik sor dezakedana izan daiteke guztiaren nahasketa puta bat. Ez diot musikari mugarik jartzen. Erritmo bat hartzen dut, eta hortik, edozein lekutara. Burua geroz eta irekiago daukat.













