Ia 2,3 milioiko aurrekontua izango du Legorretako Udalak 2024an
2023an baino %10,01 gehiago da. 224.153 euro bideratuko ditu udalak inbertsioetara. EH Bilduren aldeko bost botorekin eta EAJren aurkako laurekin onartu zen, abenduan.
Legorretako Udalak ia 2,3 milioi euroko aurrekontua izango du 2024an. Zehazki, 2.260.890,29 euroko aurrekontua onartu zuen udalbatzak abenduaren 20an egindako Osoko Bilkuran, EH Bilduren aldeko bost botorekin eta EAJren kontrako lau botorekin. Zatirik handiena pertsonal gastuetara eta gastu arruntetara bideratuko dute. %9,9 inbertsioetarako izango da.
Iazkoa baino %10,01 gehiagoko aurrekontua da; 205.825,29 euro gehiago izango ditu udalak aurten. Azken urteetan garapen positiboa izan du Legorretako Udalaren aurrekontuak. 2021ean izan ezik, gora egin du urtez urte kopuruak. 2018koarekin alderatuta, 617.328,29 euro gehiago dituzte aurten.
224.153 euro bideratuko ditu inbertsioetara. Bost nagusi zehaztu dituzte: osasun etxea eraberritzeko 100.000 euro, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra egiteko 47.498,57 euro, apaiz etxearen erosketarako 45.354,77 euro, herri bideak konpontzeko 20.000 euro eta udaleko web orria berritzeko eta fitxaketa sistema ezartzeko 11.300 euro.
Apaiz etxeari lotuta, negoziaketak hasiko ditu udalak jabearekin, eta erosketa egin ondoren finkatuko lukete erabilera. Iñaki Agirre alkatearen hitzetan, helburuetako bat da apaiz etxea erostea, “herri erdian ekipamendu on bat edukitzea ekarriko” lukeelako. Osasun etxeari dagokionez, 100.000 euroetatik 53.000 euro diru laguntzen bitartez jasoko da. “Oso garrantzitsutzat” jo du alkateak osasun etxearen eraberritzea, hori egitean “harrerako pertsona bat izango” dutelako eta zentroa “indartuta” geldituko delako.
Inbertsio nagusi horiez gain, beste txikiago batzuk ere burutuko dituzte: Herri Antzokiko ekipoa hobetzeko 5.000 euro erabiliko dituzte, eta gimnasioaren inguruko azterketa tekniko bat egiteko 24.500 euro.
Ia %73a pertsona gastu eta gastu arruntetara
“Herriaren beharretara egokituta aurrekontua” da alkatearen esanetan. Pertsonal gastuek eta gastu arruntek aurrekontuaren ia %73 hartzen dute. Horien barruan sartu dituzte lehen mailako gizarte laguntzak (165.500 euro), eguneko arreta zentroa, herria bidelagun programa eta beste hainbat laguntza barnebiltzen dituztenak. Kultur ekintzetara 127.000 euro bideratuko dituzte. Berritasun bezala, kale langileekin duten “ezegonkortasunari” aurre egiteko 30.000 euro zehaztu dituzte.
2023tik
Iaz egin ezin izan zituzten lanei jarraipena emango diete 2023an horretarako bideratutako diruarekin: ibai ondoko zolatze lanetarako, mugikortasun eta irisgarritasun lanetarako, plaka fotovoltaikoen instalakuntza berri baterako, Legorretazaharreko bide konponketarako eta hilerriko bidearen konponketarako.