«Negoziatzeko borondatea eskatzen diogu Sonepar enpresari»
Goierriko Kontseilu Sozialistak Beasainen, Ezkiaga auzoan, duen lokala husteko arriskuan dago. Sonepar enpresarena da lokalaren jabetza. Urtarrilaren 24an epaiketa dute auzia argitzeko.
Noiztik dago martxan Goierriko Zentro Sozialista?
Alaitz Arratibel: Martxoan ireki genuen Goierriko Zentro sozialista, horrelako espazio baten erabateko beharra ikusten genuelako. Geroz eta jende gehiago biltzen ari ginen Mugimendu Sozialistaren inguruan, eta gure jarduna antolatu ahal izateko beharrezkotzat jo genuen.
Testuinguruak berak eskatzen zuen zerbait ere bazen, bagaudelako ofentsiba ekonomiko eta politiko batean une honetan, eta langileria kolpatua izaten ari da. Espazio honetatik horri ere erantzun nahi diogu, Laneko Autodefentsa Sarearekin, Etxebizitza Sindikatuarekin…
Zergatik hemen?
A. A. : Goierri beheko bi herri hazienen –Ordizia eta Beasain– artean egotea kokapen egokia iruditzen zitzaigulako eta pasoko bidea delako. Gainera, urte luzetan lokal hau hutsik egon da, inongo proiekturik gabe. Immobiliaria baten esku zuten, norbaitek aloka zezan. Gu jardun positibo bat egiten ari gara eta horrela jarraituko dugu espazio hau daukagun bitartean. Jabeak, espazio hau itxita edukiko du, posible den momentuan dirua egiteko.
Nolakoa da auzotarrekin harremana?
A. A. : Harreman nahiko estua dugu. Auzoko festak antolatzen lagundu genien eta elkarrekin antolatu genituen hainbat ekintza. Harremanak onak zirela ikusita, hortik aurrera, gure zentroan pilates ikastaroak eskaintzen hasi ginen elkarlanean. Bestelako ekintzak ere antolatu ditugu batera; haurrentzako jolasak, arte erakusketak, xake txapelketa… Erabilera politikoaz gain, soziala ere badu.
Urtarrilaren 24an epaiketa duzuela publiko egin duzue eta posible da lokala hustu behar izatea. Zein da egoera?
Maddalen Otaegi: Momentu honetan eskatzen duguna da lokalaren jabetza duen Sonepar multinazionalaren ordezkariekin biltzea, negoziazio mahai batean. Printzipioz, datorren astean dugu epaiketa, eta oso posible da lokala hustu behar izatea.
Nor da Sonepar?
M. O. : Egoitza Madrilen duen multinazional bat da eta Espainiako estatuan 160 dendatik gora dituzte. 2022. urtean 779 milioi eurotik gorako irabaziak izan zituzten. Oso enpresa handia da.
Mugimendurik izan al da enpresaren aldetik epaiketara jo gabe irtenbide bat bilatzeko?
M. O. : Gu enpresarekin harremanetan jartzen ahalegindu gara, eta nahiz eta komunikazio puntual batzuk izan diren, ez dute borondaterik erakutsi mahai baten bueltan eseri eta zerbait adostu ahal izateko.
Zer eskatzen duzue?
A. A. : Negoziatzeko borondatea erakusteko eskatzen diegu Sonepar enpresari. Baina hori oraindik ez da gertatu. Gure aldetik borondate osoa dugu mahai baten bueltan eseri eta akordio batera iristeko.
Gai honen bueltan Beasaingo Udalarekin hitz egin dugu, eta uste dugu, ikusten dutela herriari ekarpen bat egiten ari garela. Hala ere, momentuz, udalak ere ez dio arazoari irtenbiderik eman. Hala eta guztiz ere, esan dugun bezala, gure eguneroko jardunerako espazio honen beharra dugu, eta horregatik, datozen egunetan ere Goierriko Zentro Sozialistaren defentsan jardungo dugu.