«Oso kezkatuta» dago Ataungo Udala herriko mediku-kontsultategiaren egoerarekin
Martin Aramendi alkateak gutuna idatzi dio Gotzone Sagardui Osasun Sailburuari. Egoerak «larria» dela eta «presazko bilera bat» eskatu dio. Azken urteetan «nabarmen» okertu da egoera.
Martin Aramendi Ataungo alkateak Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari gutuna bidali zion atzo, herriko mediku-kontsultategiaren egoeraren harira. «Oso kezkatuta» daudela esan zion, eta eskakizunak kontuan hartzeko eskatu. «Presazko bilera bat» eskatu zion, zehazki, «Atungo kontsultategiaren egoeraren eta konponbideen gainean hitz egiteko».
Ataunek hiru kontsultategi eta hiru mediku izan zituen iraganean. 2013an Aiakoa itxi zuten eta joan zen udan San Martingo medikuak baja hartu zuen, mediku bakarra geldituz. Honek jai egunak dituenean edo baja hartzen duenean, Ataun medikurik gabe gelditzen da. Hala egon dira, esaterako, Gabonetako oporraldian.
Hutsik dauden bi plazak betetzeko asmoa du Osasun sailak, baina epe zehatzik gabe. Alkateak noiz arte egon beharko duten horrela galdegin zion, herrian bertan lehen arretako zerbitzurik jaso ezinda. «Egoera berez da larria, eta are larriagoa kontuan izanda adineko jende asko bizi dela hemen». Alkatearen ustez, azken urteetan «nabarmen» egin du egoerak okerrera.