«Notariotza aitorleku baten modukoa dela irakatsi zidaten»
Mila Albisuak (Urretxu, 1958) Zumarragako notariotzan egin du lan ibilbide osoa. Abendu amaieran hartu zuen erretiroa. Notariotzako lanari buruz hitz egin du.
Ze ikasketa egin zenituen?
Administrari laguntzaile ikasketak egin nituen La Salle ikastetxean. Bukatu ondoren, hurrengo urteko apirilean, notariotzan hasi nintzen. Neska bat behar zuten eta deitu egin zidaten. Apirilaren 13an joan nintzen, Francisco Javier Octavio Toledo notarioak elkarrizketa txiki bat egin zidan eta hurrengo egunean lanera joateko esan zidan.
Zenbat langile zeundeten garai hartan Zumarragako notariotzan?
Ni joan nintzenerako hiru zeuden: Arantxa Plazaola, Petri Esnaola eta Mariasun Jauregi.
Notariotza batean lan egitea zure asmoen artean al zegoen?
Nire nahi bakarra lan egitea zen. 47 urte egin ditut lanean… 18 urte nituen hasi nintzenean.
Zer lan egiten zenuen hasieran?
Zerotik hasi nintzen. Lehen lana kopiak egitea izan zen: eskriturak prestatu eta sinatu ondoren, kopiak egin behar ziren. Egun ordenagailuak daude, baina garai hartan idazmakinak erabiltzen genituen. Kopiak egiteko kalkoak erabiltzen genituen. Nire lehen eskritura, Legazpiko Urtatza auzoko etxe batzuena izan zen. 100 bat folio ziren. Hasieran Arantxari laguntzen nion, berak eramaten baitzituen eskritura gehienak, eta ondoren ni ere eskriturak prestatzen hasi nintzen. Garai hartan letren prozesu asko egiten zirela ere gogoratzen dut: enpresek letrak egiten zituzten eta ordaintzen ez zutenean bankuek notariotzara ekartzen zituzten eta notariotza enpresara joaten zen ordaindu egin behar zuela esatera.
Zuen lana asko aldatu al da?
Tramiteak berberak dira: salerosketa sinatu, ogasunera, erregistrora eta udaletxera eraman… Lehen dena paperekin egiten zen. Egun online egiten da.
Garai ezberdinak bizi izan dituzue.
Etxebizitzei BEZa ezarri behar zitzaiela esan zutenean, kontratistak ahalik eta etxe gehien saltzen ahalegindu zirela eta erosleak BEZa ezarri aurretik erosten saiatu zirela gogoratzen dut. Urte hartan, Gabon zahar eguneko arratsaldean lan egin behar izan genuen eskuartean genuen lan guztia atera ahal izateko. Krisiak eta oparoaldiak ere nabaritu ditugu. Krisi garaian etxebizitza salerosketak behera egiten baitu. Baina beti eutsi diogu lanari. Izan ere, notariotza batean lan asko dago salerosketez gain: herentziak, ahalordeak, protestoak, testamentuak, aktak…
Zenbat notariorekin lan egin duzu?
Lehenengoa, esan bezala, Francisco Javier Octavio Toledo nafarra izan zen. Bigarrena Antonio Ledesma izan zen. Bilbotarra zen. Mungiatik etorri zen eta ondoren Bilbora joan zen. Hura joan zenean, Felipe Pou nafarra etorri zen. Bi urte eta erdi bakarrik egon zen. Ondoren, Guadalupe Maria Inmaculada Adanez etorri zen. Egun, Donostian lan egiten du. Hura joan zenean, Antonio Mula etorri zen. Bera da urte gehien egon dena: 22 urte. Egun, Irunen lan egiten du. Ondoren, Nicolas Almarza bilbotarra etorri zen. Oso gaztetan atera zuen plaza: 28 urte bakarrik zituen. Hau izan zen bere lehen notariotza. Zumarragari bi notario dagozkio, baina urte askotan bakarra egon zen. Mula eta Almarza izan ziren elkarrekin egon ziren lehenengoak. Mula joan zenean, Marta Garcia Jalon etorri zen. Bera ere oso gaztea zen etorri zenean. Bost urte daramatza bertan. Almarza joan zenean urtebete eman zuen bakarrik. Egun, Eduardo Vallejo donostiarrarekin lan egiten du. Leongo herri batetik etorri zen. Lau urte daramatza Zumarragan. Horiez guztiez gain, ordezkoak ezagutu ditut. Bat joaten denean, berria etorri bitartean, ordezkoarekin lan egiten dugu. Bakoitzak bere estiloa du. Denak oso jatorrak izan dira. Harreman estuena Antonio Mularekin izan dut, noski. Baina denekin oso erraza izan da lana egitea.
Lehen hasierako lankideak aipatu dituzu. Zeintzuk izan dira zure azken lankideak?
Petri jubilatu baino apur bat lehenago, Aloña Acedo hasi zen. 25 urte egin ditu dagoeneko. Mariasun jubilatu behar zenean, Karmele Pozueta hasi zen. Duela lauzpabost urte, berriz, Leire Usabiaga hasi zen. Duela bizpahiru urte Yolanda Perez hasi zen. Horiekin egin ditut azken urteak. Orain beste neska bat sartu da, Ana, baina horrekin ez dut lanik egin. Guztiok oso harreman ona izan dugu beti.
Nolakoa da notariotza bateko lana?
Lanean hasi nintzenean, Octavio Toledok notariotza aitorleku baten gisakoa dela esan zidan: bulego publiko bat da, baina hemen gertatzen dena hemen geratzen da. Gure funtzioa bezeroei laguntzea da. Lehen, notarioarengana joateari sekulako garrantzia ematen zitzaion. Jendea beldurrez etortzen zen. Guk lasaitasuna eman behar diegu, lagundu. Lagun asko egin ditut. Lagunduko zuen inor ez zuen emakume bat askotan etortzen zen eta aurrezki kutxarekin lotutako zalantzak argitzen genizkion. Jendeari konfiantza emateak eta laguntzeak bete egiten zaitu. Bestalde, herentziak egitea asko gustatu zait beti. Izan ere, salerosketak beti berdinak dira. Herentziek joko gehiago ematen dute. Udaletxeko langile asko ezagutu ditut, herria nola aldatu den ikusi dut… lan polita da. Lehen jende asko etortzen zen abokatuari dagozkion kontsultak egitera eta abokatu batengana bidaltzen genuen, notarioak ezin baitu abokatu lana egin. Azkenaldian horrelako kontsultak egitera etortzen den jende kopuruak gora egin du berriro.
Notarioek lan gutxiren truke asko kobratzen dutela esaten da.
Notarioak lan asko du. Egungoak, kontsulta guztiez arduratzen dira, eskriturak prestatzen dituzte… Notarioak fede ematen du. Gu bion arteko salerosketa bat gu bion artean geratzen bada, behartu egin nauzula esan dezaket. Epaitegira jo beharko genuke. Notarioa fede emateko dago: beraiek niregana etorri dira, salerosketa egin dute eta salerosketa hori hirurok sinatu dugu. Testamentuekin, gauza bera. Garestiena zerga ordaintzea da. Etxearen prezioaren %2,5 ogasunari ordaindu behar zaio. Erregistroari ere ordaindu egin behar zaio. Notariotzan ordaintzen den kopuruaren zati handiena ogasunarentzat da. Batzuk notariotzako langileok ere asko irabazten dugula uste dute!
Zer egin behar duzu orain?
Kozinatzea gustatzen zait. Egun batzuetan hemen ibiliko naiz eta beste batzuetan Donostian. Zenbaitek ikastaroetan parte hartzea gomendatu didate, aspertuko naizen beldur baitira. Nik burua hustu nahi dut, ordea. Jende askorekin lan egin dut, bakoitzak bere arazoak ditu… Nahi gabe, laneko kontuak etxera ekartzen nituen. Burua beteta dut eta hustu egin nahi dut. Lehenengo urtea lasai hartu nahi dut. Lana ez dut faltan sumatzen. Bulegoko giroa bai, ordea. Olaia Duarte lagunak gauza bat uzten duzunean dolua pasa behar dela, baina atea ixten saiatu behar dela irakatsi zidan. Horrela, dolua errazagoa izaten da. Hala, udatik aurrera eskuartean nuena bukatu ondoren ez nuen lan gehiago hartzen.