Tobera musika eskola matrikulazio kanpainarako logo bila dabil
Irabazleak smartphone bat jasoko du saritzat. Lehiaketa irekita dago dagoenekoa, eta lanak otsailaren 18ra arte aurkez daitezke. Matrikulazio kanpaina maiatzean da.
Tobera musika eta dantza eskolak maiatzean irekiko duen aurrematrikulazio kanpainarako lelo eta irudi berri bat sortu nahi ditu. Horretarako lehiaketa bat deitu du; irabazleak smartphone bat irabazi dezakeela aurreratu dute.
Urtero, maiatzean irekitzen dute datorren ikasturterako izen emate kanpaina. Matrikulazio kanpaina esaldi labur edo eta irudi batekin identifikatzen dute urtero. Musikak on egiten dizu edo Hau da Tobera —azken hau Aizkorpe bailarako paisaia «enblematikoarekin» lagunduta— leloak izan dira azken urteetan erabili izan direnak.
Aurten, datorren ikasturtean ikasleak musika eskolara erakartzeko lelo edo irudi berri bat bilatzea erabaki dute. Toberaren izaera islatu beharko du, nahitaez, irudiak edo leloak. Proposamenak otsailaren 18ra arte jasoko dituzte tobera@tobera.org helbide elektronikoan. Aukeratutako logoa izango da 2024/25 kanpainan erabiliko dutena. Irabazleak 128 GBko TCL 40 SE telefono mugikor bat jasoko du opari. Eskolak eskumena izango du, lehiaketa saridunik gabe uztekoa.
Kalitatea lehenetsiko da
Toberatik aurreratu dutenez edonork har dezake parte lehiaketan, eta nahi beste lan aurkez ditzake. Ez dute emaitza profesionalik eskatzen, baina jasotako proposamenek ez balukete beteko «gutxieneko kalitate edo egokitasun baldintzarik», lehiaketa hutsik uzteko eskubidea izango du eskolak. Kasu horretan, Toberak berak erabakiko du saria parte hartzaileen artean zozkatu ala ez. Irabazleak Segurara edo Zegamara joan beharko du opariaren bila eta eskola bera jarriko da berarekin harremanetan.