«Errespetu handia eman dit beti nire iritzi propioa emateak»
Txikitako jolasa ogibide bilakatu zuen Elixabete Garmendia Lasa kazetari ormaiztegiarrak, eta hainbat urte egin ditu kazetari. Erretiroa hartua badu ere, ez da erabat urrundu mundu horretatik.
Elixabete Garmendia Lasa kazetariak (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1953) Donostiako bere etxeko bulegoa ireki dio Gipuzkoako Hitza-ri. Urumeari begira, ordenagailu eramangarria duen mahai bat du; albo batean, sofa eroso bat, eta bestean, berriz, hormaren tamainako apalategi bat. Ez da liburu gehiago kabitzen apalategian. Baditu egunkariak eta aktualitateari buruzko aldizkariak ere. Erretiratuta egon arren, ez da prentsatik urrundu.
Txikitatik zenuen argi kazetari izan nahi zenuela?
Bai, eta oso garbi nuen kazetari modura lan egiteko ere ikasketak behar direla, eta nik neure buruari hori eskatzen nion eta hori opa nion. Bestela, ez nintzen ziur sentituko. Artean Leioako EHUko fakultatea ez zegoen, eta Nafarroako Unibertsitatea zen beste irtenbidea.
Zer moduz moldatu zinen Iruñean?
Izan ziren bost urte oso onak eta aberatsak. Iruñean bizi izan nintzen, jende artean: hasteko, euskara ikasteko gau eskoletan klaseak ematen genituen, eskolapioen kolegioan. Jende asko ibili zen hor. Tartean, [Karlos] Garaikoetxea eta haren emaztea; gero, San Fermin Ikastolan, ikasturte batean ibili nintzen haurrak zaintzen bazkalorduan. Alde horretatik ere, euskal giroko familiak ezagutu nituen. Ikasleen talde klandestino bat ere sortu zuten orduan, eta hori ere beste sozializazio puntu bat izan zen.
Zeruko Argia-n hasi zinen lanean, ikasketak bukatu eta segidan.
Oso garbi nuen euskaraz egin nahi nuela lan, eta horretarako nituen aukera bakarra Zeruko Argia eta Anaitasuna ziren. Niri gehiago gustatzen zitzaidan Anaitasuna, baina nahiko naturala izan zen Zeruko Argia-n lanean hastea. Iruñean inprimatzen zen, eta karrerako azken kurtsoan niri eskatu zidaten inprentako probak zuzentzeko. Ordurako, pare bat erreportaje-edo argitaratuak izango nituen, karreran eskatzen zigutelako zerbait argitaratzea, eta nire ahizpa Mari Karmenen bidez banuelako harremana haiekin.
Zuzendari izatera ere iritsi zinen, Pilar Iparragirre eta Lourdes Auzmendirekin batera.
Zuzendari nominala nintzen. Karguan kazetaritzan lizentziatua zen norbait jarri behar zen, eta ni izendatu ninduten. [Joseba] Sarrionandiak Hiru neska argiak bezala definitu gintuen Pilar, Lourdes eta hirurok, hitz jokoa eginez. Puztu egiten nau Sarrionandiak horrelako hitzak eskaini izanak, baina gu ginen hiru etxekoandre.
Erabakirik ez zenuten hartzen?
Ni Zeruko Argia-n sartu nintzenean factotuma zen Mikel Atxaga. Eta gero zegoen Kaietano Ezeiza, kaputxinoa, aldizkaria haiena zelako. Egoera hori aldatu zen Deia eta Egin sortzear zeudenean, Atxaga Deia-ra joan zelako eta beste kolaboratzaile batzuk Egin-era. Eta erabakiak, bai, hartzen genituen.
Prentsa idatzitik telebistara egin zenuen gero.
Kaputxinoak joan ziren, Mikel Atxaga eta beste hainbat kolaboratzaile joan ziren; Deia-k eta Egin-ek tokia jan ziguten. Han geundenok ez genuen asmatu, eta Zeruko Argia jota utzi genuen. Soldatak kobratzeari utzi genionean utzi nuen Zeruko Argia. Bost urtez Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Sailean lan egin nuen, hizkuntza sustapenean, telebistan ez nindutelako hartu nahi. Zeruko Argia-ko bat ezin zen telebistan sartu. Halere, behin ikusi nuen Euskal Telebistak oposizioak deitu zituela, prestatu nintzen, aurkeztu nintzen, eta lana lortu nuen hala.
«Oso garbi nuen kazetari modura lan egiteko ere ikasketak behar direla, eta nik neure buruari hori eskatzen nion eta hori opa nion, bestela ez nintzen ziur sentituko»
Egun, BERRIAn eta Goiberri-n, esaterako, iritzigilea zara. Erraza egiten zaizu iritzia ematea?
Errespetu handia eman dit beti nire iritzi propioa emateak. Bai, iritzi artikuluak dira, baina, konturatzen bazara, iritzia ez da nire punturik indartsuena; gehiago da gauzak kontatzea. Nolabait, informazio trukea da. Katedratik oso urruti sentitzen dut neure burua.
Oraindik asko dira gaztelania hutsezko egunkariak irakurtzen dituzten euskaldunak.
Bai, eta ezin dut ulertu nola litekeen inguruko jende batek oraindik ere El Diario Vasco hartzea. Eta kazetari naizen aldetik, porrot horretan inplikatuta sentitzen naiz. Zertan ez dugu asmatu?
Gaztelaniaz kazetaritza hobea egiten da?
BERRIAk eta Argia-k, bakoitzak bere ezberdintasunekin, oso kazetaritza ona egiten dute. Euskadi Irratiak ere bai.
Ez duzu telebista aipatu.
Telebista hobea egin behar dela uste dut. Bereziki, albistegiak. Formari gutxiago begiratu behar zaio eta sakonera jo. Eta, gainera, uste dut albistegi bakoitzak bere tokia behar duela. Euskal Telebistako euskarazko eta gaztelaniazko albistegiak berdinak dira, publikoa bera balitz bezala. Hor, herri honetako ikuspegiak huts egiten du.
Ikusten duzu telebista?
Albistegiak ikusten ditut, eta programa bakanen bat ere bai. Bestela, telebistaren aurrean jartzea ikaragarri kostatzen zait.
Noiz iritsi zen telebista zuen etxera?
Gure aitak eta amak Franco bizi zen bitartean ez zuten telebistarik nahi. Hortaz, Franco hil eta gero iritsi zen telebista gure etxera.
Nolakoa zen zuen etxea?
Amak enpresako bulegoan lan egiten zuen, eta arratsaldeetan ez zen etxean egoten. Alde horretatik, askatasuna izaten genuen, eta uste dut onuragarria zela: guk moldatu behar genuen, guk prestatu behar genuen gure merienda… Asko gustatzen zitzaidan eskolatik irten, meriendatu eta irakurtzea.
«Oraindik ere esaten dut Elizak barkamena eskatu beharko ligukeela modu horretara behartu gintuenoi; bizitza pozaren aldetik bizi ordez, beti zegoen bekatuaren, eta, ondorioz, infernuaren mehatxua»
Euskaraz?
Gurasoak euskaltzale militanteak ziren, eta euskarazko liburu denak erosten zituzten. Baina erdaraz ere asko irakurtzen nuen.
Ormaiztegi herri euskalduna zen orduan?
Mutilek gutxiago, baina neskek gazteleraz hitz egiten genuen. Eskolak ere gazteleraz, nahiz eta euskaraz zekiten bertako maistrak izateko zortea izan genuen. Etxean, berriz, dena euskaraz. Gure etxeko esaera honako hau zen: «Erdaraz, ezta txantxetan ere!».
Kazetari izatea zenuen garai hartan amets?
Neure buruarekin bakarrik jolasten nintzen kazetari izatera. Etxeko miradorean Radio Seguraren disko eskainiak eta Radio Nacionalen parteak imitatzen nituen. Neure egunkaria hartu, eta irakurriz programak egiten nituen, ahotsak jarriz, sintoniak eginez…
Nola gogoratzen dituzu garai horiek?
Ez nuen zoriontsu izateko arrazoirik falta, baina erlijioak hondatu zigun izan genezakeen poza. Gure garaian oso zorrotza zen erlijioa, beldurtzeko modukoa. Nonahi zegoen bekatua. Oraindik ere esaten dut Elizak barkamena eskatu beharko ligukeela modu horretara behartu gintuenoi. Bizitza pozaren eta alaitasunaren aldetik bizi ordez, beti zegoen bekatuaren eta, ondorioz, infernuaren mehatxua.
Eta nola ikusten duzu egungo gazteek duten politikarako grina?
Ez dakit garbi esaten, ez daukadalako nahikoa harreman. Dena dela, aholku bat emango nieke: sektarismoan ez erori. Gure garaiko akats ikaragarrietako bat sektarismoa zen. Orduan ere konturatzen nintzen, eta ni neroni ez nintzen batere sektarioa. Talde batetik gertuago egongo nintzen, baina besteko lagunak ere banituen, hala ateratzen zitzaidalako. Sektarismoa beti gorrotatu izan dut. Agian, gu baino irekiagoak dira eta zabalago dabiltza, ez dakit, baina badaezpada ere, sektarismorik ez.
Aurten legebiltzarkideak aukeratuko dira Gasteizen. Lurraldetasunaren auziari buruzko pausorik espero duzu?
Gustatuko litzaidake. Beti esaten dut hil baino lehenago ikusi nahi dudala nire nortasun agirian jar dezala euskalduna naizela, naizen bezala. Gure izaera aitortzea nahi dut, horrek dakarren guztiarekin. Gasteizen legebiltzarkide gehienak abertzaleak dira, eta independentzia lortu ezinean gabiltza. Zer pasatzen da? Beste bide batzuk asmatu behar dira. Iruditzen zait badabiltzala horretan; bereziki, Kataluniako esperientziaren ondoren. Katalanak ari dira politika posibilistagoak egiten, eta, beharbada, euskal alderdiak ere horretara jotzen ari dira. Kontua da pazientzia gastatu egiten dela. Baina ez dut etsiko.
Ausardia falta zaie, zure ustez, agintariei?
Alderdiren bati falta zaio ausardia, bereziki. Baina, aldi berean, nik ulertzen dut Espainiak gauzak oso zail jartzen dituela. Begira Katalunian nola jokatu zuten erreferendumaren egunean.
Kalean legebiltzarrean bezainbeste abertzale dagoela uste duzu?
Independentzia hitza ia tabu bihurtu zaigu, baina herri hau eta bere izaera aitortzea eskatzen duen jende asko dago, biztanleriaren zati handi bat. Boto kopurua hor dago, eta, alde horretatik, ez genuke konplexurik izan beharko. Ziurtasun bat badago esateko jendeak abertzaletasunerako joera baduela. Agian, gero gutxitu egiten dela nahi hori? Beharbada, bai. Baina, bestetik, joan den larunbateko manifestazioan edo euskararen oldarraldiaren kontra egin zen Bilboko manifestazioak jendetsuak izan ziren. Gizartearen zati handi bat dago gauzak garbi samar dituena.
MOTZEAN
Zer egin zenuen zure lehen soldatarekin?
Ez naiz gogoratzen, baina libururen bat erosiko nuen ziur. Ez zen handia izango.Nondik hasten zara egunkaria irakurtzen?
Lehen orriko izenburuak begiratu, eta aukeratzen dut nora joan. Argia, adibidez, atzealdetik hasten naiz irakurtzen.Ormaiztegin jaio eta Donostian bizi zara. Barnealdea edo kostaldea, zer duzu nahiago?
Biak partekatzea ezinbestekoa dut, eta hala egiten dut. Bien artean bizi naiz.Nor elkarrizketatuko zenuke gustura?
Zu zeu. Zertarako? Galdetu ahal izateko belaunaldi berriko kazetariak nolakoak diren.