Emakumeen ongizaterako esnekia
YoGoe4Life proiektua aurkeztu dute Beasainen. Egitasmoaren helburua da A2A2 proteina duen jogurta egunero kontsumitzeak perimenopausiari lotutako ondorioetan duen eragina ulertzea.
Ezer gutxi hitz egiten da perimenopausiaren inguruan. Menopausiarako trantsizioa da perimenopausia. Zaila da zehazten noiz iritsi daitekeen, bataz besteko adina, 47-48 urte da. Perimenopausian gorputzean aldaketa hormonal garrantzitsuak ematen hasten dira, baina horri nola aurre egin, momentuz ez dago informazio gehiegirik, gutxiago, estrategia zehatzik. Bizitzako etapa desberdinetan baina, elikagai jakin batzuen kontsumoak nabarmen lagun dezaketela, nutrizio-ezaugarriak direla-eta, hori bai, jakina da. Perimenopausian dauden emakumeengan ere izan litezke onurak. Bide horretan erantzunak bilatzeko helburuarekin abiatu dute
YoGoe4Life proiektua.
Beasaingo udaletxean aurkeztu zuten atzo YoGoe4life proiektua. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako lankidetza-proiektua da honakoa, Etorkizuna Eraikiz – Misioak 2023 programaren parte dena. Hasierako esperientzia honetan elkarlanean ari dira Gaztaren Institutua proiektuaren liderra dena, Glucovibes, Goenaga Esnekiak eta Asmoz Fundazioa. Erakunde hauen elkarlanetik garatuko da.
Helburuak
Proiektuaren helburua da, «GPS gailu metaboliko bat erabiliz, esnearekin ekoitzitako eta A2A2 proteina duen jogurtaren kontsumoak balio erantsia duela frogatzea, perimenopausiarekin lotutako efektuetan duen eragina positiboa baita». Aurkezpenean azaldu zuten moduan, «egiaztatu da mota horretako jogurtaren proteina digestiboagoa dela, ez hain erreaktiboa, osasungarriagoa eta kalitate handiagokoa».
Gainera, «lan-metodologia bat sortzea eta testatzea» bilatzen dute, «0 kilometroko nekazaritzako elikagaien kontsumoak dakartzan balio erantsiak erakusteko oinarri izango den gida bat lortzeko».
Parte hartzeko deia
Elikadura osasungarria eta eskuragarria sustatuta, Gipuzkoako emakumeen bizi-kalitatea hobetzea posible dela demostratu nahi dute. Horretarako, lehenik, perimenopausiaren etapan emakumeek bizi dituzten aldaketa hormonalak neurtuko dituzte. Hala, proiektuan parte hartzeko deia egin diete 45 urtetik gorako emakumeei.
Gainera, Glucovibes aplikazioarekin bateragarria den smartphone bat eduki beharko da (iPhone 7 o ondorengoa/ Android 8.0 o ondorengoa).
Aplikazio horren bidez, norbere osasun kontrolaren jarraipena egin dezake. Hain zuzen ere, Glucovibes-ek glukosaren, nutrizioaren, jardueraren, atsedenaren eta emozioen jarraipena pauso bakar batean egiteko aukera ematen du. Bertan agertzen diren datuak ulertzen ere laguntzen du, aplikazioaren atzean dagoen mediku eta nutrizionista lan-taldearen laguntzaz.
Izena emateko aukera
Parte hartzeko gogorik izanez gero, 45 urtetik gorako emakumeek Asmoz Fundazioarekin jarri beharko dira harremanetan eposta bidez idatzita edo telefonoz deituta: asmoz@asmoz.org eta 943 21 23 69.
Perimenopausia, menopausiarako trantsizioa da (peri grezierazko hitzetik dator ‘inguruan’ esateko). Ez da oso hitz ezaguna, jendeak askotan nahastu egiten baititu perimenopausia (trantsizio-aldia) eta menopausia (hilekoaren azken aldiaren ondorengo denbora).
Perimenopausiak hilabete batzuetatik hasita 8 urtera arte iraun dezake. Batez beste, 4 eta 5 urte bitartean irauten du. Perimenopausian, hormona-mailak aldatu egiten dira, eta, ondoren, jaitsi, eta sentsazio, sintoma eta aldaketa berriak sortzen dira. Perimenopausia esperimentatzeko modua asko aldatzen da pertsonen eta kulturen artean.
Hamar pertsonatik batek, gutxi gorabehera, modu malkartsuagoan esperimentatzen du trantsizio hau, eta hilekoaren ziklo irregulartasun gutxi batzuk izaten dituzte. Pertsona horiek sintoma gutxiago izan ohi dituzte, hala nola bero kolpeak.
Perimenopausian hormona aldaketak eraginda artikulazioetan, muskuluetan eta bularretan min desberdinak senti daitezke. Buruko minak, migrainak, zorabioak eta goragalea dira ohiko beste sintometako batzuk.
Momentuz ez dago estrategia argirik perimenopausiaren etapari aurre egiteko, eta gainera, ezjakintasun handia dago emakumeentzako lagungarriak izan daitezkeen elikagaien garrantziaren inguruan. Ondorioz, emakume horien bizi kalitatea jaitsi egin daiteke.
Terapia hormonalaren bidez tratatu izan da. Bizimodu osasungarria ere bada medikuek egin ohi duten gomendioa, jarduera fisikoa eta elikadura osasungarria izatea, besteak beste.