Eskolako Agenda 2030 programa berria martxan dago Itsasondoko eskolan
Ikasleak atzo elkartu ziren udaletxean udal ordezkariekin, lehenengo udal eskola foroan, programaren inguruko asmoak azaltzeko.
Eskolako Agenda 2030 programa berria abian da Itsasondoko eskolan. Iaz, Garapen Jasangarrirako 7. Helburua landu zuten, Energia eskuragarri eta ez kutsatzaileari dagokiona. Ikastetxeko eta herriko diagnosiak egin zituzten. Aurten, berriz, teoriatik praktikara pasako dira. Esku-hartze plan bat adostu eta martxan jarriko dute ikasleek.
Esku-hartze planaren proposamena herritarren kontsumo ohiturei eta herriko eguzki plaken inguruko ikerketa bati lotuta egongo da. Hori erabakita, ikasleak atzo elkartu ziren udaletxean udal ordezkariekin, lehenengo udal eskola foroan, programaren inguruko asmoak azaltzeko. Herriko haur eta gazteen parte-hartzea ekintza zehatzetan bermatuko dute datozen bi ikasturtetako zikloan.