Espainiako trail txapelketarako sailkagarria izango da Ordiziako Mendi Lasterketa
Otsailaren 4an jokatuko da. Hiru lasterketa izango dira aukeran: maratoi erdia, 14 kilometrokoa eta 7,8 kilometrokoa. Izen-ematea irekita dago.
Ordiziako Mendi Lasterketa Espainiako trail txapelketarako sailkagarria izango da aurten. Herri lasterketa izateaz gain, aurten federatuek Euskal Selekzioarekin estatuko txapelketara joateko aukera izango dute jokoan Ordizian. Berritasun modura, hiru ibilbide izango dituzte aukeran korrikalariek: maratoi erdia, 14 kilometrokoa eta 7,8 kilometrokoa.
Otsailaren 4an jokatuko da, 10:00etan hasita. Irteera puntua eta amaiera puntua Ordiziako Plaza Nagusian izango dira. Ibilbide luzea, erdi maratoia, iazko berdina izango da, 1.000 metroko desnibel positibo eta negatiboarekin. Mariaratzetik Murumendi aldera igoko dira. 14 kilometrokoan (600 metro desnibel positibo eta negatiboarekin) eta 7,8 kilometrokoan (400 metro desnibel positibo eta negatiboarekin) ere bide beretik abiatuko dira, baina 9. kilometroan eta 5. kilometroan, hurrenez hurren, desbideratuko dira korrikalariak.
Hurrengo urtean, Euskadiko Txapelketa
Espainiako trail txapelketa Ojós-en (Murtzia) jokatuko da, martxoaren 10ean. Angel Perez Ordiziako Mendi Lasterketa antolatzen duen Txindoki Atletismo Taldeko kideak azaldu duenez, Euskadiko Atletismo Federazioa jarri zen harremanetan klubarekin, estatuko txapelketarako sailkagarria izan zedin Ordiziakoa, dataren gertutasunagatik probarik egokiena delako. “Euskal Selekzioarekin Murtzian parte hartu nahi duten federatutako atleta guztiek, hala, nahitaez parte hartu behar dute Ordiziako Mendi Lasterketan”. Hurrengo urtean Ordiziako Mendi Lasterketan Euskadiko Txapelketa jokatuko dela baieztatu die federazioak.
Estatukorako sailkagarria izateak “mailan eta parte hartzean” eragina izango duela uste dute, baina nabarmendu dute, federatuentzat ez ezik, federatu gabekoek ere parte hartzeko aukera badutela, “herri lasterketa delako lehenik eta behin”.
Izen-ematea
Goierri Kopa Traileko bigarren proba izango da. Igandean jokatuko da lehenengoa, Garinen. Ordiziako Mendi Lasterketan parte hartzeko izen-ematea irekita dago, Kronoak webgunean. Egunean bertan ezingo da izenik eman. Dortsalak irteera gunean banatuko dituzte, 8:00etatik aurrera. Dagoeneko 100dik gora korrikalarik eman dute izena. Antolakuntzak kopurua “dezente handitzea” espero du.