«Guri buruz hitz egin dugu Balentziagaren bitartez»
Disney Plus ordainpeko plataformak 'Cristobal Balenciaga' sei ataleko telesaila estreinatuko du gaur. Moriarti ekoiztetxeko zuzendariek egin duten lehen telesaila da, eta mundu osoan ikusiko da.
Aurreneko aldiz telesail bat zuzendu dute Jose Mari Goenagak (Ordizia, Gipuzkoa, 1976), Jon Garañok eta Aitor Arregik. Hurrengo proiektuak zinemako film luzeak izango direla iragarri du Goenagak.
Iritsi da estreinaldia. Ez al duzue pena Donostiako Zinemaldian pantaila handi batean ez estreinatzeagatik?
Bai, egia esan pena handia eman zigun estreinaldia atzeratzeak. Bazirudien telesaila Zinemaldian emango zutela [Sail Ofizialean]. Baina, azkenean, Disneyk erabaki zuen estreinaldi data 2024an jartzea, eta horregatik ez ginen zinema jaialdian egon. [Datorren astelehenean lehen hiru atalak proiektatuko dituzte Donostiako Viktoria Eugenia antzokian].
Lourdes Iglesias joan zitzaizuen Cristobal Balentziagari buruzko telesaila egiteko ideiarekin. Nola hartu zenuten ideia?
Modu desberdinetan. Jon Garañok zalantza gehiago zituen. Gauza batzuk interesatzen zitzaizkigun, eta beste batzuk ez hainbeste. Balentziaga askotan agertu den gai bat da, eta hasieran ez zen guretzat erakargarriena. Baina telesailak izan zezakeen plastikotasunaz pentsatzen hasi ginen, eta garai eta toki erakargarriak erakusteko modua ikusi genuen. Une hartan beste proiektu batzuk genituen buruan, eta ez genuen espero Balentziagaren proiektuak hain bizkor oniritzia jasotzea. Disney Plusekoek pentsatu zuten Cristobal Balentziagari buruzko telesail bat egokia izan zitekeela.
Film luzeen neurrira ohituta zaudete. Nola egin zenituzten gidoiak sei ataletan garatzeko?
Aurreko lanetan, gidoi bat genuen, eta horrekin hasi ginen lanean. Kasu honetan, Iglesiasen planteamendua genuen, baina gauzak jorratzeko zeuden. Disneyren baiezkoa jaso genuenean, burua astintzen hasi ginen: gidoietan prozesu bat egon zen. Dokumentazio lanarekin hasi ginen, oinarri bat izateko. Gero, telesailak izango zuen egituran pentsatzen hasi ginen. Atal bakoitzean zer kontatuko genuen erabaki behar genuen.
Balentziaga luxuaren ikur izanik, argi zegoen jantziterian esfortzu berezia egin behar zenutela, ezta?
Erabatekoa. Bi jantziteria desberdindu behar dira: batetik, garai hori [1930etik 1970era arteko hamarkadak] birsortzeko behar den guztia. Hau da, pertsonaiak eta figuranteak nola jantzi behar diren. Eta, bestetik, Balentziagaren sormenak garatzea. Biek zailtasun handiak zituzten. Bina Daigelerrek Disneyren Mulan filmean jantziteria egin zuen, eta gurekin lanean hasi zen. Hark esaten zuen figurazio aldetik konplexua zela, atal bakoitza ia hamarkada desberdin batean girotua dagoelako. Zaila zen hori dena kudeatzea. Gainera, telesailean ez dago pobrerik: denak aberatsak dira. Eta beste kontu bat: Cristobal Balentziagak berak ezin du neurrira egina ez dagoen traje bat eraman. Gauza horiek guztiak zaindu genituen.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.