XII. Ipuinen Ahozko Narrazio Lehiaketako izen-ematea irekita dago
Otsailaren 10era arte egongo da zabalik. Lehiaketako sailkapen gala otsailaren 17an izango da, 19:00etan, D'elikatuzen.
Intujai Teatroak eta Ordiziako eta Tolosako udalek antolatzen duten Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia otsailaren 15ean hasiko da, martxoaren 27ra arte. Jaialdiaren barruan, XII. Ipuinen Ahozko Narrazio Lehiaketa egingo dute Ordizian. Lehiaketan parte hartzeko izen-ematea irekita dago.
Otsailaren 10a baino lehen eman behar da izena. Horretarako intujai@gmail.com helbide elektronikora e-mail bat bidali beharko du partaide bakoitzak, ‘Ipuin lehiaketa’ goiburuarekin, izen-abizenak, ipuinaren izenburua, egilea, posta elektronikoa eta telefonoa adierazita. Parte hartzaile bakoitzak 20 euro ordaindu behar ditu seinale gisa, eta partaidetza bukatzean itzuliko zaie.
Profesionalek zein ez-profesionalek parte har dezakete. Ipuinak zortzi minutu iraungo du gehienez eta euskaraz narratuko da. Lehiaketako sailkapen gala otsailaren 17an izango da, 19:00etan, D’elikatuzen. Hiru finalistak aukeratuko dituzte bertan (epaimahaiak bi eta publikoak bat), eta final handia martxoaren 22an izango da, Barrena Jauregian, 19:00etan. Sailkapen galan hautatutako hiru finalistek Ahoz Aho Narrazioaren Gala Handian parte hartuko dute.
Lehenengo sarituak 300 euro irabaziko ditu, bigarrenak 200 euro eta hirugarrenak 100 euro.