AHT-aren aurka protesta egin dute Beasainen
«Herritarron hitza errespetatzea, aurkeztutako Alternatiba aurrera eramatea eta AHTrako plataforma berri bat eraikitzeko zundaketak geldiaraztea» eskatu zuten.
Abiadura handiko trenaren proiektuak Nafarroako Lakuntzatik tunel bat aurreikusten du, Aralar Natur Parkeko Lizarrusti zeharkatuz eta Ataungo Lauzti Erreka ingururaino. Horren aurrean, «herritarron hitza errespetatzea, aurkeztutako Alternatiba aurrera eramatea eta AHTrako plataforma berri bat eraikitzeko zundaketak geldiaraztea eskatzeko» elkarretaratzea egin zuten Beasainen ostiralean, Goierriko AHTrik ez! plataformak deituta. «Tren sozialari bai, AHT-ari ez» esan zioten.
Erakusketa
Otsaileko lehenengo hamabostaldian Lazkaoko Biziolan izango den AHT Geldituko erakusketa ikustera gerturatzeko gonbita luzatu dute, eta otsailaren 22tik 24ra Altsasun izango diren Tren Publiko eta Sozialaren aldeko jardunaldietan parte hartzera, baita otsailaren 25ean hiru eskualdetatik Arbarrain-Irumuga mendira egingo den ibilaldira.