Alex Aranburu Castelloko Sari Nagusiko podiumean
Hirugarren egin du ezkiotarrak Castelloko lehenengo Sari Nagusian. Jayco taldeko Michael Matthewasentzat izan da garaipena. Aranbururen hurrengo erronka Mallorcako Challeng-a izango da.
“Alde batetik pena pixkatekin, baina oso gustoa beste aldetik. Talde lan on bat eta gero hirugarren postue lortu degu helmugan”. Esaldi horrekin laburbildu du sare sozialetan Alex Aranburu (Movistar) txirrindulari ezkiotarrak, atzo Castellongo Sari Nagusian egin zuen lasterketa.
Helburua irabaztea bazen ere, hirugarren postuan helmugaratu zen Aranburu, atzo Castellon lehenengoz jokatu zen Sari Nagusian. Esprintean erabaki zen irabazlea eta Jayco taldeko Michael Mathewesentzat izan zen garaipena. AG2R La Mondialeko Pierre Gautherat izan zen bigarrena. Lasterketa Castello eta Onda artean jokatu zen eta txirrindulariek 173,9 kilometro luzeko ibilbidea osatu behar izan zuten.
Atzoko probarekin estreinatu zuen denboraldia Aranburuk eta podium-ean sartuta hasi du egutegia. Hurrengo erronka Mallorcako Challenge-a izango du; urtarrilaren 24tik 28ra jokatuko da.