Etxebizitza eskatzaileen errolda berritu nahi du Ormaiztegiko Udalak
Galdetegi bat zabaldu dute herritarren artean. Antonenen etxebizitza publikoak eraikitzeko bide bat zabaldu da. Emaitzak etorkizuneko estrategia zehaztuko du.
Ormaiztegiko Udalak etxebizitza eskatzaileen udal errolda eguneratzeko galdetegi bat zabaldu du. Galdetegiaren helburua Ormaiztegin etxebizitza erosi edo alokatu nahi duten bizilagunen asmoak eta beharrak ezagutzea da. Etxebizitzaren arazoari irtenbide bat emateko garrantzitsua da eskari erreala zein den jakitea, epe labur edo ertainean jarraitu beharreko estrategia zehaztu ahal izateko. Galdetegia bete eta aurkezteko epea urtarrilaren 29ra arte egongo da zabalik. Galdetegiak udal bulegoetan eskuratu daitezke euskarri fisikoan. On-line ere bete daiteke, udalaren web gunean.
Jon Enrike, Ormaiztegiko alkatearentzat etxebizitzaren gaia, «estrategikoa» da Ormaiztegirentzat. «Azken urteetan, poliki bada ere biztanleria galtzen ari gara eta horrek bere arriskuak dakartza epe ertain-luzera», dio. Jendea Ormaiztegin bizitzen gelditzeko etxebizitza berriak eraikitzea beharrezkoa da. Saiakerak egin dira azken urteetan baina ez dute, momentuz, emaitzarik lortu.
Hiru eremu eraikigarri
Bi dira etxebizitzak eraiki ahal izateko arazo nagusiak: «Lur zoru publiko nahikorik ez izatea, eta Ormaiztegik duen uholdegarritasun arrisku handia». Eraikigarriak diren hiru eremu daude, gaur gaurkoz Ormaiztegin: «Muxika, Apazelai eta Antonene». Muxika eremuan lurzoru publikoa badauka udalak, baina berriki egin den azterketa hidraulikoaren arabera, «uholdegarritasun handiko eremua da». Berez, Muxikan etxebizitzak eraiki daitezke, baina lurzorua egonkortzeko aurretik egin beharreko lanek «kostu oso altua» dutela esan du Enrikek, «1,5 milioi euro gastatu beharko lirateke soilik lurra prestatzeko. Udalarentzat ez da bideragarria».
Apazelain bizitza bakarreko eta bi bizitzatako etxebizitzak egiteko proiektuak aurrera jarraitzen du. Azterketa beraren arabera, uholdegarritasuna txikiagoa da, «eraikuntza baldintzatzen du, baina egingarria da», zehaztu du Enrikek. Etxebizitza blokeak egiteko herrian dagoen gune posible bakarra Antonene da beraz, baina jakina denez, lurzorua pribatua da.
Antonenen eraiki ahal izateko saiakera ugari egin dira azken urteetan, tartean, Ormaiztegiko Hirigintza Antolatzeko Plan Orokorra aldatzea ere bai. Urteetako blokeoaren ondotik, gutxieneko adostasun batera iritsi da Ormaiztegiko Udala jabeekin. «Jabeek Antonenen alokairura bideratutako babes ofizialeko etxebizitzak egitea begi onez ikusten dute, eta Eusko Jaurlaritzak egingo duen txosten ekonomikoa aztertzeko prestutasuna agertu dute» esan du Enrikek.
Publikoa edo pribatua
Eusko Jaurlaritza «Antonenen alokairurako babes ofizialeko etxebizitzak egiteko prest dago, baita lurzoruagatik eskaintza ekonomiko bat egiteko ere», azpimarratu du Enrikek. Proiektu hori bideragarria den edo ez jakiteko, ordea, ormaiztegiarren eskaera erreala zein den jakin beharra dago, hortik galdetegia.
Bideak «zabaldu» egin dira alkatearen ustetan, baina benetako eskaria zein den jakin beharra du udalak «horren arabera erabakiak hartu ahal izateko». Galdetegiarekin egungo eskaeraren argazki erreala eskuratuko da.