Patxi Bisquert aktoreak Otañoren alderdi ugariei buruz hitzaldia egingo du gaur Lazkaon
Onbuaren Itzala proiektuaren zuzendaria da Bisquert, Pello Mari Otañoren bizitzari eta bertsogintzari eskainitakoa. Pertsonaiaren beste zenbait lan eremu eta ekarpen aztertuko ditu, Gerriko txokoan, gaur 18:30ean.
Patxi Bisquert aktore eta Onbuaren Itzala proiektuaren zuzendaria gonbidatuko dute gaur Gerriko kultur elkartekoek, Lazkaora. Berriketan solasaldi zikloko hitzaldi bat eskainiko du Bisquertek, Pello Mari Otaño, bertsolaria bakarrik? izenburupean. Gerriko txokoan, gaur 18:30ean hasiko da.
Pello Mari Otaño (Zizurkil, Gipuzkoa, 1857 – Rosario, Argentina, 1910) hartuko du hitzaldiaren gaitzat. Euskal kulturan bertsolari modura igaro da historiara, XIX. mendeko emigrazioarekin lotuta ere bai. Baina Otañok landu eta kezkagai zituen beste eremu batzuk ere jorratuko ditu Bisquertek gaur, bere hitzaldian.
Bere garaiko pertsonaia modura, “hainbat arlotan buru-belarri murgilduta” ibili zen Otaño. Bizimodua aurrera ateratzeko ferratzaile, irakasle, albaitari, tabernari eta kontuzain lan egin zuen, besteak beste. Politikari ere ez zion muzinik egin; ideologiaz liberala zen, baina foruzalea. Kulturan, berriz, bertsogintzan ezezik, abesbatzetarako letrak, opera eta libretoak ere idatzi zituen.
Argentinara hiru aldiz joan zen. Kantagai hartu zuen Argentina ere.