Pello Irizar Aranburu musikari eta sortzaile beasaindarra hil da
Musikari lotuta bizi izan zen. Asteartean egingo diote azken agurra Beasaingo parrokian.
Pello Irizar Aranburu beasaindarra hil zen igandean, 65 urterekin. Herriko kultur bizitzan oso aktiboa izan zen eta musikari lotuta egon zen beti. Ez da erraza hark egindako ibilbidea laburtzea.
Sei urterekin hasi zen solfeoa eta txistua jotzen ikasten, eta berehala ekin zion Txistulari txikiekin kalejiratan. Geroago, Udal Txistulari Bandan hasi zen. Ume umetatik ere, euskal dantza taldeetan aritu zen, txirula eta dultzaina jotzen.
Hamabi urterekin hasi zen musika eta piano karrera ikasten Beasainen, eta Donostiako Kontserbatorioan amaitu zituen. Harmonia, ganbera musika, historia eta estetika ere ikasi zituen. Pianoko irakasle titulua atera zuen. Tronpeta, bombardinoa eta zeharkako txirula ere jotzen zituen.
Beasaingo eta Ormaiztegiko Musika Eskolen sortzaileetako bat izan zen. Añorgako Amassorrain ikastolan ere aritu zen musika irakasle. Irakaskuntzarako material didaktikoa ere sortu zuen.
1981ean, beste musikari batzuekin batera, Koskola txaranga sortu zuen. Beste hainbat musika-taldetan teklatua joa da ere, Burbuil taldean esaterako. Bere anaia Martin zena hil zenean, Benito Lertxundiren taldean hura ordezkatu zuen, 11 urtez.
Telebistako hainbat programetan ere parte hartu zuen zuzeneko musika egiten eta soinu teknikari modura.
Dantza garaikideaz gain, lan dezente egin zuen antzerkiaren arloan, hemen eta nazioartean.
Beasaingo herriari egindako ekarpenak asko izan dira, aipagarrienak, Beasaingo danborradako Danbor Nagusia izan zen eta danborradarako doinu zaharrak berreskuratu eta egokitu zituen, baita berriak sortu ere; Igartzako diaporamarako soinu banda sortu zuen; eta erraldoi eta buruhandientzako baltsa konposatu zuen, besteak beste.
2022ko Beasaingo Loinatz jaietan aitortza egin zion Udalak, herriari egindako ekarpenagatik.
Azken agurra, asteartean arratsaldean egingo diote, Andre Mari Zeruratuaren parrokian, 19:00etan.