Alegiko denda zaharrean, erosketa modu berriak
Alegiko dendan erosketak modu autonomoan egiteko bazkide egiteko aukera egon da asteburuan Itsason. Jende ugari bildu da deialdietara eta dagoeneko, 31 itsasoarrek adierazi dute elkartera batzeko asmoa.
Garai batean ba omen zen Alegi auzoan, Sindikatoa izeneko denda bat elizaren alboan, orduko baserrietan beharrezkoak ziren salgaiak zituena, «pentsua, patata urdina, etab.». 60 bat urtez egon zen zabalik, desagertu zen arte.
Hainbat urte beranduago, itsasoarrak Alegiko Sindikato zaharra berreskuratzeko lanean dabiltza. Garai batekoa egon zenetik metro gutxira irekiko dute denda berria; gaur eguneko beharretara egokituta eta modernizatuta.
Izan ere, Alegiko Sindikatoa ez da ohiko denda bat izango. Kontzeptu berritzailea dakar, bi zentzutan: erosketa autonomoa egiteko aukera emango duelako, batetik; eta salmenta zuzena sustatuko duelako, bestetik.
Hasteko, 31 bazkide bai
Alegiko Sindikatoa ekoizle eta kontsumitzaileen elkartea sortu dute, eta behin behineko zuzendaritza talde bat ere izendatua dute. Zuzendaritza taldean ekoizleak eta kontsumitzaileak daude ordezkatuta, Miriam Otamendi eta Itsaso Olabide ekoizleen izenean, eta Asier Sasieta eta Kizkitza Oria kontsumitzaileenean. Itsasoko etxe bakoitzeko kide bat elkarteko bazkide egitea da helburua eta horretarako asteburuan bi bilera ireki egin dituzte. Oriak esan duenez, «gustura» daude izandako erantzunarekin eta «31 pertsona batu dira elkartera», asteburuan.
Batetik, Goierriko hainbat ekoizleren produktuak izango dira apaletan: «Urteaga-Urkulegi, Pott keramika, Isla pitxiak, Albitxu baserria eta IMZ arropa». Gainera, Biziolak bere estand propioa ere izango du eta Ezkioko Topa ostatuak ere denda jarriko du. Beste ekoizle batzuk presentzia ere izango dute, «Hariztizabal, Itsasoerrota, Goiti eta Mandubizar baserriek». Hauek ez dituzte produktuak bertan salgai jarriko, baina klik batean beraiekin harremanetan jarri eta haien produktuak erosteko aukera izango da dendan.
Zabaltzeko bokazioa
Konfiantzazko erosketa eremu bat izango denez, nahitaezkoa izango da, modu autonomoan erosketa egiteko elkarteko bazkide egitea. Publiko guztiarentzat ere denda irekita egongo dela aurreikusi dute, eta aukera ezberdinak aztertzen ari dira orain.
Lehendabiziko deialdia itsasoarren artean egin badute ere, elkarteak inguruko herrietara zabaltzeko bokazioa du. Alegi Gabiria eta Ormaiztegiko auzoa ere badenez, aurrerago bertako bizilagunei ere emango diete aukera, baita Ezkiokoei ere.