Gabirian lan istripuan zauritu zen telefono-harietako langilea kaleratu izana grebekin salatuko dute
Urtarrilaren amaierarako eta otsailaren azken hiru egunetarako, guztira sei eguneko lanuzteak iragarri ditu ELAk Cotronic enpresan.
Astigarragako (Gipuzkoa) Cotronic enpresan sei eguneko greba egingo dute langileek, 2023ko irailaren 15ean Gabirian laneko istripua izan zuen langile bat eta han zegoen beste bat kaleratu izana salatzeko. Urtarrilaren 29, 30 eta 31n, eta otsailaren 27, 28 eta 29an egingo dituzte lanuzteak.
ELA sindikatuak gogoratu eta salatu duenez, Cotroniceko langile bat altuera batetik erori zen Gabirian, lanean ari zela. Geroztik langilea bajan dagoela argitu du sindikatuak, oso larri zauritu baitzen –helikopteroan eraman zuten erietxera–. Gainera, gertakariak ikusi zituen lankidea ere bajan dago, “istripuaren ondorioz enpresak egindako presioengatik”.
Bi langileei urtarrilean eman zieten kaleratze gutuna, eta enpresak prebentziozko ez-betetzeak alegatu ditu. “ELAk deitutako grebaren helburua da bi langileak berehala onar ditzatela eta 30 bat langileen baldintza prekarioak salatzea. Lan karga handiak eta esleitutako zereginak ahalik eta lasterren amaitzeko exijentzia langileen egunerokoa dira, lan baldintzak okertu eta eskatutako gutxieneko prebentzio neurriak ere bete gabe”, esan du gaur ELAk, prentsa-ohar batean.
Istripuaren eta nahitaezko prebentzio neurriak ez betetzearen erantzule Cotronic eta Telefonica egin ditu ELAk: “Izan ere, ahalik eta etekinik handiena atera nahi dute, langileen segurtasuna eta osasuna alde batera utzita”. Era berean, sindikatuak gogor arbuiatu ditu kaleratzeak, eta “eraso” horren erantzuna antolakuntza eta borroka izan behar direla argitu du.