Hamar proposamen desberdinekin dator Igartza Musika Zikloa
Urtarrilaren 28an hasiko dute 2024ko programazioa, Batura musika zikloarekin bat eginez. Natalia Tchitch eta Josu Okiñena, biola eta piano bikoteak emango du lehenengo kontzertua.
Beasaingo Udalak Igartza Musika Programaren lehen sei hilabeteko egitaraua aurkeztu zuen atzo, Igartzako Jauregian bertan, kultura eta musikaren aldeko apustu «sendoaren» konpromisoari eutsiz. Leire Artola alkateak nabarmendu zuenez, «goren mailako hamar musika proposamen» izango dira urtarrilaren 28an hasiko den programazioaren barruan. Arantxa Gastesi Igartza zikloaren antolatzaileak «aniztasuna» nabarmendu zuen: «Publiko zabalenera iristea baita helburua». Saio guztiak doakoak izango dira.
URTARRILAK 28: Batura zikloa
Euskal musika balorean jartzen du Batura zikloak, eta aurten ere, Beasaingo Igartza zikloarekin fusionatuko da. Natalia Tchicth biola jotzaile errusiarrak eta Josu Okiñena piano jotzaile donostiarrak osatutako bikoteak, beste konpositore batzuen artean, Hilario Olazaran de Estellaren obrak eskainiko dituzte Igartza zikloaren lehenengo kontzertuan. Aita Donostiaren eta Jesus Guridiren lanak ere ez dira faltako. Igartzan izango da, 19:00etan hasita.
OTSAILAK 25: Arineketan
Jagoba Astiazaran txistulari zestoarraren eta Iñar Sastre piano jotzaile irurarraren musika proiektua da Ariñeketan, eta beren bigarren diska, Zaharrak berri izenburua duena aurkeztuko dute Igartza zikloan. Gainera, azken lanaren bideoklipa Igartzan bertan grabatu zen, beraz badute nolabaiteko lotura aurretik ere, eta espazio horrek eskaini diena eskertzera datoz. Ondare berreskuratzea eta berritzea dute helburu. 2020an euskal dantzako doinu eta errimoekin jolastuz hasi ziren. Lan horri esker, 2021eko Euskal Herriko Musika Bulegoa saria eskuratu zuen taldeak. Oraingoan egile ezezaguneko euskal kantuen berrikuntza aurkeztuko dute, gaur egun oraindik erabilgarriak direla erakutsiz. Otsailaren 25ean, Igartzako jauregian izango da, 19:00etatik aurrera.
MARTXOAK 3: Kirudat duo
Perkursio bikote bat da Kirudat duo. Markel Perez irurarrak eta Juan Luis Garcia (Ciudad Real) perkusio jotzaile gazteek osatzen dute. Gazteak izan arren, proiekzio handiko bikotea da eta ibilbide bikaina dute; sari bereziak jaso dituzte eta dagoeneko Europako auditorio ospetsuenetan kontzertuak eskaini dituzte. Gaur gaurkoz Musikeneko ikasleak dira biak hala biak, eta horrela sortu dute proiektu hau. Iaz, Igartza Musika Bekan parte hartu zuten, eta saio bikaina egin arren, bikote moduan aurkeztu zirenez ez zuten saririk jaso. Bertan ikusitako maila ikusita, aurtengo zikloan parte hartzera gonbidatu ditu antolakuntzak. Martxoaren 3an, Igartzako jauregian izango da kontzertua, 19:00etan hasita.
MARTXOAK 17: Igartza musika bekako irabazleak
Urteroko moduan, Igartza Musika Bekako azken irabazleek lekua izango dute musika zikloaren edizio berrian. Musika sormena sustatzeko eta babesteko helburuarekin sortu zuen Beasaingo Udalak beka hau 2016 urtean. 2023 urteko irabazleak ondorengoak izan ziren: Gradu mailan Luis Alejandro (Venezuela) biolontxeloko espezialitatean; eta Master mailan, Marta Burgos (Malaga) klarinete espezialitatean. Emanaldian,lehenik banaka arituko dira, eta amaieran, elkarrekin. Ez da batere ohikoa bi instrumentu horiek bikotean entzutea, beraz, berezia izango da. Martxoaren 17an, Igartzako jauregian izango da kontzertua, 19:00etan hasita.
APIRILAK 14: Pasieran
Jazzak ere izango du tokia Igartza Musika Zikloan. Jon Piri kontrabaxu jotzaile bilbotarrak eta Iñar Sastre piano jotzaile irurarrak, Pasieran izenburupean diskoa grabatu zuten 2022 urteko udazkenean. Bikote honek dioen bezala, «soinuen artean pasieran ibiltzea da proiektuaren ardatza». Harmonia garaikideak eta jazzaren erritmikak izango dute protagonismoa. Konposizio propioak ekarriko dituzte, Igartzan, 19:00etatik aurrera emango duten kontzertuan..
APIRILAK 21: Illunbe orkestra
Trintxerpeko Illunbe akordeoi orkestraren txanda izango da hurrena. Jose Luis Zubillagak zuzentzen du eta 15 akordeoi jotzailek osatzen dute. Ibilbide bikaineko taldea da, sari asko jaso dituzte. Taldeko honetako kideetako bat gainera Beasainen ditu sustraiak, Lea Dorronsoro. Igartzan joko dute, 19:00etan..
MAIATZAK 25: Loinatz abesbatza
Igartza Musika Zikloan klasiko bat da, eta aurten ere ez dute hutsik egingo. Aitor Garitanok zuzentzen duen Loinatz abesbatza, proiektu berrietan dago murgilduta, lehiaketaren batean aurkezteko asmoarekin dabiltza, eta ilusio handiz ari dira lanean. Maiatzaren 25ean, Igartzan, 19:00etan izango da.
MAIATZAK 26: Harribitxiduo
Urtero bezala txistuari ere lekua emango zaio Igartza zikloan, baina aurtengoan proposamen desberdin bat izango da. Oran arte talde handiagoak pasa izan dira. Harribitxiduo bikotea izango da aurten, Aitor Urkizu (Burlata) eta Iker Alvarez (Bilbo) osatzen dutena. Txistua eta silbotea jotzen dituzte, beste instrumentu batzuekin konbinatuta. Igartzan izango da, 19:00etan.
MAIATZAK 31: Tenpora
Tenpora taldeak bete laugarren diska, Ama izenburua duena aurkeztuko du Igartzan. Oraingoan, musika intimoagoa dakarte. Taldekideen esanetan, «ama ez da bat eta bakarra». Ama honek doinu, molde eta zentzu desberdinak hartzen ditu, irria, kaosa, nostalgia, itxaropena,… Hasier Oleaga (bateria) Itsaso Etxebeste (baxua), Juantxo Zeberio (pianoa eta teklatuak), Beñat Barandiaran (kitarra elektrikoa) eta Elene arandia (ahotsa) dira taldekideak. Hau ere Igartzan izango da, 20:00etan.
EKAINAK 6: Belar hostoak
2022ko martxoan, Bilboko Loraldia Festibaletik jasotako proposamen bati erantzunez, Txomin Artolak 1978 urtean argitaratutako Belar hostoak diskoa berrinterpretatu zuen lagun talde batek. Jon Gurrutxagak jarri zien ahotsa emanaldi hartan, eta Antxon Sarasuak, Andoni Etxebestek, Dani Venegasek eta Urbil Artlak osatu zuten boskotea. Kontzertuaren ondoren, estudioan murgildu eta Belar hostoak II grabatu zuten. Proposamen berritu hau ekarriko, Erauskin Plazan 20:00etan egingo den emanaldia