Legorreta-Hernio-Legorreta mendi marka hausten ahaleginduko da Aitor Zunzunegi
Mendiburue ekimena antolatu du beste urte batez Gazte Piku gazte asanbladak. Ostiralean Joseba Iztuetaren solasaldia izango da, eta larunbatean 'Kortatu'-ren marka hobetzeko erronka egingo du Zunzunegik.
Iaz bezala, aurten ere Mendiburue ekimena antolatu du Legorretako Gazte-Piku gazte asanbladak. Horren barruan bi ekintza antolatu dituzte astebururako mendizaletasuna ardatz hartuta. Aitor Zunzunegi legorretarra Legorreta-Hernio-Legorreta mendi marka hausten ahaleginduko da larunbatean.
Ostiralean eta larunbatean egingo dute Mendiburue. Ostiralean, Zanskar, aztarna berrien bila Joseba Iztueta gabiriar alpinistaren dokumentala emango dute gaztetxean, 19:00etan, eta egileak berak solasaldia eskainiko du. Indiako Himalaian kokatzen da Zanskar bailara. Bertan irekitako harkaitz bide berrien eta lehen aldiz zapaldutako gailurrez hitz egingo du Iztuetak.
Larunbatean, aldiz, Aitor Zunzunegi mendi korrikalari legorretarra Julian Garmendia Kortatu-ren marka hobetzeko ahalegina egingo du Legorreta-Hernio-Legorreta ibilbidean. 1969an jarri zuen 3 ordu eta 13 segundoko marka Kortatuk, Legorretatik abiatu eta Herniora joan-etorrian. Ibilbide bera egingo du Zunzunegik marka berri bat ezartzeko helburuarekin. 10:30ean irtengo da herriko plazatik.
Herritarrak deitu dituzte animatzera, Hernion zein Legorretan. 09:00etan gaztetxean egin dute hitzordua autoz Herniora joateko. Plazan 12:30ean elkartuko dira iritsierarako.