Ormaiztegiko Urmaiz abesbatzak Gabon sustraiak lehiaketa birtuala irabazi du
Lehiaketaren helburu nagusia herriko Gabon kanta berezi eta ez horren ezagunak interpretatuz horiek ezagutzera ematea da. 'Goazen, GoazenErr' abestia aurkeztu zuten ormaiztegiarrek.
Ormaiztegiko Urmaiz Abesbatzak Gabon sustraiak lehiaketa birtuala irabazi du. Herriko edo eskualdeko betiko Gabon abesti bat euskaraz abestean datza lehiaketak, eta helburu nagusia herriko gabon kanta ezezagun bat interpretatuz horiek ezagutzera ematea. 2023ko edizioa lehiaketa horren laugarrena da. Sari banaketa abenduaren 30ean egin zen, Errenteriako Helduen Gabon kanten lehiaketako 77.edizioko sariak eman aurrean.
Sari banaketan epaimahaiak goraipatu zuen Urmaiz abesbatzak kantu berezi hau identifikatzeko egindako ikerketa eta abesti hori etorkizunean ezagunagoa izan dadin egin duten zabaltze lana. Honela laburbildu dute abesbatzako kideek:
“Abesti hau nork egina den eta noizkoa den ere ez dakigu. Azken urte hauetan galdezka aritu gara, baina ez dugu aurkitu gauza handirik. Herriko zaharrenek beraien gogoan “betidanik” abesten dela Ormaiztegin eta gurasoengandik ikasi dutela esan digute. (Esperanza Irizar Camposek , orain 95 urte dituenak, bere aita eta amak ere abesten zutela esan digu, era hauek, gurasoak 1900 eta 1903 urtean jaioak dira). Partiturik gabe jo izan dute gaur arte soinujoleek, Belarriz ikasita aurrekoei. Eta abeslariak ere hala ikasi dugu: ahozko transmisioa izan da belaunaldi batetik hurrengora. Goraipatzekoa da baita ere XX. mendearen 60-80ko hamarkada inguruan, Pascual Larrañagak egin zuen lana. Txistu eta musika irakaslea izateaz gain, parrokiako organo jolea izan zen. Eta haur eta gaztetxo taldeei erakutsi zien abesti hau, Gabon egunean, abenduaren 24ean, kantari ateratzen zituelarik kalez, kale eta baserriz, baserri. Orain, Urmaiz koruak, Xabier Barriolari partituran jartzea eskatu dio eta horrela gure nahia da, ondorengoek ere jaso eta gorde dezatela herriko altxor hau. Ba dakigu eta ondare bizia dugula.”
Bideo formatuan aurkeztu zuten Goazen, Goazen abestia Urmaiz abesbatzakoek.