1.150 euro bildu ditu aurten Olentzero Solidarioa ekimenak
Aurreko urteetan bezala, Gipuzkoako Elikagaien Bankuari eman diote dirua. Gipuzkoako Elikagaien Bankunko Jose Mari Beitia eta Belen Mendez Zerainen izan dira gaur.
Aurten ere Olentzero Solidarioa ekimena antolatu dute Zerainen Gabon garaian. ZerainLab-ek antolatutako ekimena da, Herri eskolarekin batera elkarlanean egiten dutena. Guztira, 1.150 euro bildu dituzte aurten eta pasa den urteetan bezala, Gipuzkoako Elikagaien Bankuari eman diote jasotakoa.
Hain zuzen, Gipuzkoako Elikagai Bankuko lehendakari Belen Mendez, eta baliabideen koordinatzaile, Joxe Mari Beitia izan dira gaur Zerainen. Jasotako dirua biltzearekin batera, jada tradizio bihurtu den argazkia ere atera dute. Mendezek eta Beitiak Zeraingo eskola txikia bisitatu dute eta eskerrak eman dizkiete bai haurrei eta baita zeraindarrei ere, hain herri txikia izanik, “diru asko delako urtero elikagai bankura bideratzen dena”. Haurrek ekimenarekin duten inplikazioa ere nabarmendu dute, “ez dela ohikoa” argudiatuta.