Dena prest 43. Herri Kroserako
Dagoeneko 640 pertsonek eman dute parte hartzeko izena. Sei kategoriatan banatuta jokatuko da lasterketa. Maila «handiko» lasterketa aurreikusi dute.
San Blas jaiak ate joka daude Idiazabalen. Jaietako lehendabiziko asteburua izango den honetan jokatuko da, ohitura denez, aurten 43. urtea beteko duen Idiazabalgo Herri Krosa. Antolakuntza taldeak dena prest du, jada, igande honetan bertaratuko diren korrikalariak eta zaletuak herrian hartzeko.
Lasterketak 40. edizioa bete zuenean eman zen antolakuntza taldean errelebo aldaketa. Josu Urrestarazu taldeko kideak adierazi duenez, «aurrekoek ondo egindakoa mantentzea» da, hemendik aurrera, taldekide berrien helburu nagusia. Horregatik, probak bere horretan jarraituko du, berrikuntza nagusirik gabe.
Ohi bezala, sei mailatan banatuta jokatuko da lasterketa. 10:45ean hasiko dira benjamin, kimu eta gazteen lasterketak eta 12:00etan, kadete, heldu eta beteranoenak. Azken urteetan, helduen eta beteranoen mailako lasterketetan, lehen postuetan ibili ohi diren korrikalarien maila «handia» izaten ari da Urrestarazuren ustez. Aurten ere, lasterketa «maila handikoa» izango dela aurreikusi dute. Dagoeneko, 640 korrikalari daude izena emanda.
Parte hartzaileen artean izango dira Aitor Mimenza —iazko irabazlea— eta Urko Herran — orain bi urteko irabazlea, eta orain arteko errekorra duena—, baita Angel Vazquez, Ruben Ruzafa edo Joseba Olaetxea helduen mailan. Beteranoetan, Josu Apraiz eta Raul Margallo ere izango dira. Emakumezkoetan Diana Vecillas —iazko irabazlea—, Izaro Rubio, Irati Larrañaga eta Maria Ordoñezek hartuko dute parte, besteak beste. Idiazabaldarren artean, Xabier Santxez eta Amaia Insausti ere izango dira. Urrestarazuk berak ere parte hartuko du lasterketan.
Ibilbidea gora beheratsua
Ibilbidea urteroko berdina izango da, «Kale Nagusian hasiko da, Xume parean eta eliza inguruan amaitu» esan du Urrestarazuk. Ibilbideari dagokionez, «10 kilometroko lasterketa azkarra da, baina gogorra ere bai, dituen gora beherengatik. Aldapan gora sufritu egin behar da», ondorioztatu du Urrestarazuk.
Korrikalariez gain, ikusle asko biltzen dituen proba da igandekoa. Eguraldiak laguntzen badu, gainera, «giro aparta» sortzen dela aurreratu du Urrestarazuk.