Ezkioko Amabirjinari buruz idatzitako liburua aurkeztu du Sabino Legarda-Ereñok
Angel Peña da egilea, eta agerpenen inguruan berritasunak jasotzen ditu; besteak beste, igarle berrien izenak. Amabirjinaren lagunen elkarteko kideen bidez eskuratu daiteke, 5 euroan.
Ezkioko Doloreetako amabirjinari buruz idatzi den azken liburuak Apariciones de la Virgen en Ezkioga. ¿Verdad o supersticion? du izenburua. Angel Peñak idatzi du, eta Ezkioko Amabirjinaren Lagunen Elkartearen bidez eskuratu daiteke, 5 euroren truke. Elkarteko kide den Sabino Legarda-Ereño legazpiarrak aurkeztu du argitalpena, amabirjinaren aterpean bertan, Ezkion.
Erlijio katolikoaren munduan «idazle ezaguna» da Angel Peña, eta Legarda-Ereñok azaldu duenez, «liburuan baieztatu egiten du 1931. urtean amabirjina Ezkion agertu zela». Liburuaren amaieran munduan izan diren amabirjinaren agerraldi guztiak ere jasotzen ditu, «non, zein urtetan eta zein mezu zabaldu zituen zehazten du, eta hainbat lekutan elizak ukatu izana ere bai».
Peñak idatzi duena ez da Ezkioko amabirjinari buruz idatzi den lehena, eta Legarda-Ereñok hiru gehiago nabarmendu ditu: Liburu beltza da bat, Amado de Cristo Burguerak idatzitakoa; eta beste biak Antonio Maria Artola apaizak egindakoak. Artola beste lan bat prestatzen ari dela ere aurreratu du, «Vatikanoan gai honen inguruan gordeta dauden artxibo sekretuak argitara emango ditu». Urte bukaerarako prest egotea espero dute.
Igarle berriak
Baina orain elkarteak esku artean duena, Peñarena, «berezia» da, «gauza berriak kontatzen ditu, igarle berriak azaltzen dira, Durangoko Maria Rekalde edo Legazpiko Benita Agirre bezala. Ikerketa sakona egin du igarleen inguruan, eta oso interesgarria da emaitza».
Liburuaren azala ere berezia da, garai batean amabirjina zegoen tokiaren argazkia delako. «Pareta zuen atzean, eta horrek sinbologia handia du. Sendotasuna adierazten du, denborarekin jendeak sinistuko duela, nahiz eta Vatikanoak berriz ere ukatu egin dituen agerpenak. Guk uste dugu jendeak eta elizak onartuko dituela azkenik».
Ezkioko Amabirjinaren Lagunen Elkartea «sendo» dagoela dio Legarda-ereñok. «Elkarteko kideak egunero etortzen dira aterpera errezatzera. Anonimoki ere jende asko etortzen da, eta kandelak eta loreak uzten dituzte».
Aterpearen ondoan iturri bat ere badago, eta askok eramaten dute ura hortik. «Ura miraritsua da, eta ura edan eta errezatzen duenak induljentziak jasoko ditu».
Amabirjina agertu zen lekuan oroitzapenezko harri bat jartzeko asmoa du orain elkarteak, gaurko aterpetik metro batzuetara dagoelako.