«Dena utzi dugu eta gure sentitzen dugun lana da ‘Erretratu Bat’»
Esanezinek 'Erretratu bat' bere ibilbideko bigarren lana kaleratu zuen orain dela bi hilabete. Etzi D’elikatuzen aurkeztuko dute lan berria, 19:00etan. Ianire Aranzabe (Altzagarate, 1999) da proiektuburua.
Ostiralean Ordizian lehen aldiz bandarekin joko duzu. Berezia izango da?
Ostiralekoa oso kontzertu berezia izango da, Ordizia niretzat ere etxea delako. Lehen lana kaleratu ondoren izan behar zuen, baina garai hartan bazeuden covid-aren aurkako neurriak eta bertan behera utzi behar izan genuen positibo batengatik. Kosta zaigu baina azkenean joko dugu. Egia da kontzertuak baino lehen, egunera arte, ez naizela urduritzen, baina aste honetan sentsazio diferenteak dauzkat. Lekuagatik bakarrik kontzertu berezia izango da. Disko honetan gertatzen diren gauza asko Ordiziarekin daude lotuta.
Zeren erretratua da Erretratu Bat?
Uste dut izan daitekeela disko bat atenporala. Hasi nintzenean ez nekien oso argi zer izango zen, eta bosgarren kanta izan zen Erretratu bat, diskoari izena ematen diona. Hori entzuten konturatu nintzen kantuen atzean bazegoela nire bizitzan momentu horietan gertatzen ari ziren gauzei erretratu bat egiteko saiakera bat. Uste dut edozeinek bere esparrura eraman dezakeela, badaudelako egunerokotasunean gertatzen zaizkigun gauzarik sinpleenak, askotan gure kontraesanekin. Orainari erretratu bat da.
Aurrekoan bezala, diskoaren azala Saioa Arregi eta Maddi Petxarroman ordiziarrek egin dute, zure umetako lagunak.
Niretzat inportantea da gertu sentitzen duzun jendearekin lan egitea. Ez zeuden pertsona egokiagorik. Txikitatik ezagutzen gara, gauza asko egin ditugu elkarrekin. Bi diskoetan jakin dute nire buruan eta kantuen atzean dagoen hori islatzen.
«Disko honetan gertatzen diren gauza asko Ordiziarekin lotuta daude»
Lehen aurrerapen kanta izan zen Oraindik abestiaren bideoklipean Xabin Fernandez agertzen da. Zer istorio dago horren atzean?
Horren atzean badago istorio kurioso bat. Vivak, Bihar eta Esanezinek Plegu kanta atera eta astebetera Xabin Fernandezek idatzi zidan. Kontatu zidan nola zebilen Kanpora sartzen bere antzezlanarekin eta Plegu kanta entzun eta bere bizipenak islatuta zeudela sentitu zuela, ilusioa egingo liokeela abestia antzezlanean erabiltzeak. Guretzat opari bat izan zen, hortik harremana sendotu genuen eta Oraindik entzuten nuenean asko lotzen nuen Xabinekin. Bere garaian berak idatzi zigun bezala nik bueltan idatzi nion.
Azaroaren 24an argitaratu zen diskoa. Zer harrera izan du?
Bi hilabete bete ditu gaur kalean. Kostatzen zait baloratzea. Askotan zenbakietara begiratzea da joera, zaila da hortik ihes egitea, baina zenbakietara begiratuta proiektu asko hasten diren momentutik bukatuko ziren. Nik orain arte jasotakoa positiboa izan da. Lan handia egin dugu, apustu bat izan da, kantuei buelta asko, sorkuntza prozesuan, ekoizpenean…dena utzi dugu eta gure sentitzen dugun lan bat da. Horrek asebete gaitu. Disfrutatzen gaude kontzertu batzuk atera zaizkigulako, giro polita sortu delako kontzertuetan eta sentitzen dugulako jendeak konektatu duela lanarekin. Gu oso pozik gaude.
Ordiziako kontzertuaren ondoren, zerbait lotuta?
Otsailaren 18an Legorretako Herri Antzokian izango gara, eta maiatzean Larrabetzun. Tartean, sare sozialetan joango gara data gehiagoren berri ematen.