«Alderdi politikoak sartu arteko bolada izan da Zerainek izan duen onena»
Joxemari Telleriak (Segura, 1943) munduko hainbat lekutan izan ditu bere lanak erakusgai; bizitza emankor bezain oparoaren seinale. Orain, Zerain bizilekuan ditu bere bi azken lanak ikusgai, Mandion.
Zeraingo Mandio tabernan bi margolan ikusgai jarri dituzu. Sarri egiten dituzu horrelako kolaborazioak?
Tabernariak berak eskatu zidan ea koadroren bat jarriko nukeen tabernan. Lehenengo bat jarri nuen; asko gustatu zitzaiola eta bigarren bat jartzeko eskatu zidan gero.
Bi koadroek ere Zerainekin lotura berezia dute. Bat zuri beltzeko argazki zahar batean oinarrituta dago.
Ehun urtetik gora dituen argazki bat da, 1910 urte ingurukoa, zehazki esaterik ez daukadan arren. Meatzariak ageri dira Zeraingo meategian. Ikaragarri gustatu zitzaidan argazkia eta margotzeko oso gai egokia dela iruditu zitzaidan.
Argazkia bere horretan erreproduzitzeaz gain, kolorea ere gehitu behar izan diozu.
Kolorea eta ingurua ere asmatu behar izan dut, harkaitzak eta harriak, baita lanabesak ere. Baina, argazkian ageri diren pertsonaiak bere horretan kontserbatu ditut. Gehientsuenak zeraindarrak dira, beste bi zegamarrak eta bi identifikatu gabeak.
Bigarren koadroan Zeraingo bolatokia ageri da.
Bola oso garrantzitsua izan da zeraindarren artean. Garai batean hamalau bolatoki ere egon omen ziren; ia baserri bakoitzak izango zuen berea! Gaur egun bakarra daukagu. Bolatokian herriko hainbat pertsona ageri dira. Orain dela hamar bat urte hil zen Antonio Alustiza bolari ezaguna ageri da bizkarrez. Alustizaz gain, hauteskundeak egiten hasi zirenetik, Zeraingo herri zerrendarekin joan diren bost alkate ere jarri ditut.
Zeintzuk?
Iñaki Berasategi zena, Antonio Gartzia, Joxe Manuel Oria, Andoni Alustiza eta Aritz Iztueta. Alkateez gain, gaur egun bolatan asko aritzen diren bi emakume ere badaude, Aitziber Makazaga eta Garbiñe Alustiza, Gipuzkoako txapeldunak biak.
Koadroa zuk zeuk asmatua da.
Bai, argazki hori ez da existitzen. Nik egindako konposaketa bat da, erabat.
Koadroak hainbat herritarrei aitortza egiteaz gain, aldarrikapenetik ere badu zerbait, ala?
Zerainek izan dituen herri kandidaturako bost alkateen aldeko aldarrikapena da koadroa. Niretzat bolada hura izan zen Zerainek izan duen onena, alderdi politikoak sartu ziren arte. Alderdiek zatiketa dakarte, gaur egun herria zatituta daukagu. Gurea bezalako herri txikietan hori oso nabarmen geratzen da. Lehen denok elkarrekin joaten ginen zerrenda bakarrarekin. Orain bakoitzak bere aldetik jotzen du.
Beste estilo asko jorratu dituzun arren, errealismoa lantzen zabiltza orain.
Bai. Bi koadro hauek dira egin ditudan azkenak, gustura nabil. Formatu handiko lanak dira. Formatu txikiagoekin ere aritu naiz, baina azkenaldian, handian gusturago nabil.