‘Mimarte’ mimo ikuskizuna, alkoholaren kontsumoaz sentsibilizatzeko
Hiru saio egingo ditu bihar Peter Roberts mimoak Legazpin.
Mimoaren, magiaren eta umorearen bitartez alkoholaren kontsumoaren kalteez sentsibilizatzeko hiru saio egingo ditu bihar Peter Roberts mimoak Legazpin. Mimarte du izenburua ikuskizunak, eta herriko gaztetxoei eta haien gurasoei dago zuzenduta.
Mimarte ikuskizunaren lehenengo bi saioak DBHko bigarren mailako ikasleentzat izango dira, eta eskola orduetan egingo dira, ostegunean, hilak 25: 9:30ean Olazabal institutuan, eta 14:30ean Haztegi ikastolan.
Arratsaldean beste saio bat egingo da, 18:00etan, Latxartegi aretoan, eta hori gurasoei eta, oro har, interesa duten pertsona guztiei dago zuzenduta. Sarrera doakoa izango da.
Alhoholaren eraginaz
Ekimen hau udaleko Hezkuntza Zerbitzuak sustatu du, udalerriko ikastetxeekin elkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Euskadiko ikastetxeetan ari da garatzen, artearen bidez nerabeen kontzientzia emozionalera zuzenean iristeko.
Mimarte ikuskizuneko sketch batzuk komikoak dira eta beste batzuk, dramatikoak. Peter Robers mimoak alkoholaren eraginpean egotearen itxurak egiten ditu, eta egoera ezberdinak irudikatzen ditu. Helburu nagusia alkoholaren kontsumoak dituen eraginez sentsibilizatzea da, eta gai horri buruz hitz egiteko aukera izango da amaieran.