Otsailaren 3an jokatuko da XI. Ordizia Urpekoak Saria, 240 igerilarirekin
Hamalau talde ezberdinetako igerilarik parte hartuko dute. Goizean sailkatze faseak jokatuko dira, eta arratsaldean finalak.
Otsailaren 3an jokatuko da XI. Ordizia Urpekoak Saria, Ordizia K.E. Urpekoak-ek Euskal Herriko Urpeko Jardueren Federazioaren laguntzarekin eta Ordiziako Udalaren babesarekin antolatuta, Majori Kiroldegiko igerilekuan. 240 igerilari elkartuko ditu txapelketak.
Hamalau talde ezberdinek parte hartuko dute, espainiar estatuko hamahiruk eta frantziar estatuko batek. Kataluniako, Balear Irletako eta Gaztela eta Leongo bina talde izango dira, Andaluziako eta Valentziako Erkidegoko bana, eta Euskal Herriko bost. Antolakuntzak jakinarazi duenez, parte hartzaileen artean Espainiako selekzioarekin Europako zein munduko txapelketetara joan diren hainbat igerilari daude.
Bi jardunalditan banatuko dute txapelketa. Goizean, 9:30etik 12:30era, sailkatze faseak jokatuko dira, eta arratsaldean, 16:30etik 19:00etara, berriz, finalak. “Hegatsak erabiliz txapelketari erritmo biziago bat ematen dion betiko igeriketarengandik aldentzen den modalitate ezberdin hau ikustera” gonbidatu dituzte herritarrak.