Sexu identitateari buruzko 'Nor' eleberria aurkeztuko du Irati Goikoetxeak Beasainen
Ostegunean izango da aurkezpena, Igartza jauregian. Aingeru Mayor Naizen elkarteko kideak lagunduko dio.
Irati Goikoetxea beasaindarrak Nor eleberria argitaratu du 1545 argitaletxearen zigilupean. Igartzako Jauregian aurkeztuko du, ostegunean, hilak 25, 18:30ean. Aingeru Maior Naizen elkarteko kidea, proiektu honetan bidelagun izan duena, ondoan izango du, bien artean proiektuak jasotzen duen guzti-guztiaren berri emateko. Beasain Institutuak Udalaren laguntzarekin antolatutako ekitaldia da.
Azaroan ikusi zuen argia eta autoreak berak ederki azaldu zuen mamia. «Zein naiz ni, nor naiz, nola begiratzen naute, nola begiratzen ditut besteak,…», zurrunbilo horretan dauden 14 urteko bost gaztetxo dira Nor eleberriko protagonistak. Baina pertsonaien inguruan ez zuen gehiago aurreratu nahi izan idazleak. Sexu-identitateari buruzko «hausnarketa eta solaserako» espazio «aske eta segurua» izatea du helburu «elkarlanaren» emaitza den proiektu honek. Naizen elkartearen laguntza eta babes osoa izan du Goikoetxeak prozesu osoan.
Egitura aldetik, «kapituluka», eta horietako bakoitzak «protagonistetako bat edo bi» ditu izenburuan. Horrela egin nahi izan du, «garrantzitsua» iruditzen zaiolako pertsonaia bakoitzari «bere momentua eta espazioa» ematea.
Bukaeran, «galdera sorta» dago, «erantzunak eman baino galderak» egitea nahiago izan duelako, hala, irakurtzeko «aukera handiak» ematen dituen liburu bat da. Hausnarketarako gonbita da beraz Nor eleberria.
Gaiaren inguruan sakontzeko, hitzordura inguratzeko gonbita egin dute.