Txindokiko Kilometro Bertikalean izena emateko epea urtarrilaren 31n zabalduko dute
Maiatzaren 18an jokatuko da proba. Euskal Herriko bertikalen koparako puntuagarria izango da, baita Goierriko Kopa Trailerako ere.
Gaur zortzi, urtarrilaren 31n, irekiko dute Txindokiko Kilometro Bertikalerako izena emateko epea, 20:00etan. Maiatzaren 18an jokatuko da, eta Euskal Herriko bertikalen koparako puntuagarria izango da, baita Goierriko Kopa Trailerako ere.
Lasterketa kronoigoera gisakoa izango da, beraz, banan-banan edo talde txikietan aterako dira korrikalariak. Larraiztik hasi (10:00etan) eta Gaintzako bidegurutzeraino joango dira korrikalariak. Zati hori neutralizatua izango da. Bidegurutzearen parean dagoen bidea hartuko da eta hemen hasiko da denbora kontatzen.
Hortik, Txindokira igoko da lasterketa, Oria Iturritik pasaz, eta horren ondoren dagoen bihurgunean, ezkerretara dagoen bidea hartuko da, Tximista deritzon bidean gora eginez eta Txindokiko gailurreraino. Ibilbideak 3,6km-ko luzera eta 980m-ko desnibel positiboa izango du. Eguraldiaren arabera, ibilbidean aldaketak egin daitezke.