Zaldibian plaza egikaritzen eta mugikortasuna aztertzen hasiko dira
Udalak 2,3 milioi euroko aurrekontua onartu du 2024rako. Plaza eraldatzen hasteko diru sail bat gorde dute. Zaintzaren etorkizuneko beharrak aztertuko dituzte.
Gogoeta eta diseinu faseen ondoren, Zaldibiako plaza eraldatzeko proiektua errealitate bihurtzen hasteko urtea izango da 2024a. Hala aurreratu du Ioritz Berra alkateak. Bere garaian egindako proiektua egikaritzen hasteko diru sail bat izango dute aurtengo aurrekontuek, eta «auzolana oinarri», urtean zehar hasiko dira lehen fasea garatzen.
Zaldibiako Udalbatzak abenduaren 28ko osoko bilkuran onartu zuen 2024ko udal aurrekontuaren txostena, EH Bilduren aldeko botoekin. EAJk aurka bozkatu zuen. Denera, 2.366.081,83 euro dira.
Plazaren eraberritzeari ekiteko, 41.000 euroko poltsa du udalak: iaz erreserbatutako 23.000 euroei, aurtengo aurrekontuko 18.000 gehituko zaizkie.
Gai horrekin loturik dagoen mugikortasun jasangarrirako planaren azterketa da aurki helduko zaion beste egiteko bat. Santa Fe kalea oinezkoen lehentasunerako moldatzea da udalaren asmoa, baina herritarrekin hausnarketa prozesu batean definituko dute, jendearen iritzia ere kontuan hartuta. Aurkezpen sakona otsailean egingo dute.
Aurrekontuak asteartean azaldu zituzten udal arduradunek herritarren aurrean. Udalgintza banatuta dagoen hiru multzoen arabera aurkeztu dituzte proiektuak, inbertsioak eta gastuak ere: Herri Bizigarria, Herrigintzaren Kultura, eta Komunitatea eta Zaintza ataletan.
Beste zenbait ekimen
Herrigintzaren Kulturan, aipagarriena gazteleku edo gazte lokalean dinamizatzailea jartzeko asmoa da. Zaintza eta Komunitatean, zaintza baliabideen analisia egiten hasiko dira aurten, etorkizunera begira, 2040ko Zaldibian, adinekoekin zer behar izango diren aurreikusteko. «Eraikinak erosi behar badira, zahar egoitza edo eguneko arreta zerbitzua jarri behar bada, hori aztertzen hasi nahi dugu, beharra iritsitakoan atzera ez geratzeko», azaldu du alkateak.
Udal langile talde «duin bat» osatzeari ere «garrantzia» eman diote. «Beste herri batzuetan baino portzentaia handiagoa dugu, eta hori balioa da guretzat». Arkitektoa sartuko da plantillan. Orain, ordea, idazkaririk gabe geratu da udala, beste leku batera joan baita zazpi hilabete zeramana. Kirol eta Kultura teknikari berria hasita dago lanean, aurrekoak erretreta hartu duelako.
- Herri Bizigarria. Plaza 18.000; mugikortasuna 30.000; Goizanen plakak 58.000; landa lurrak, basoa 17.000; hondakina 194.547; bide, ur sare eta energia 67.000.
- Herrigintzaren Kultura. Kirol aretoa, makinak 62.000; kultur/ kirol taldeei 36.450; Gaztetxoen Kabi 20.000; ondare inbentarioa 30.000; jaiak, ekitaldiak, musika eskola 141.500; euskara 25.110.
- Komunitatea-Zaintza. Berdintasuna 20.000, ongizate ekintza 16.925; babesgabetasuna 34.000, aniztasuna 9.900; gizarte zerbitzuen mapa 20.000.