Aitor Zunzunegik marka egin du
2.16.58an gelditu du kronometroa. Ia 45 minututan hobetu du 1969. urtean Julian Garmendia Goiburu 'Kortatu'-k Legorreta-Hernio-Legorreta ibilbidean jarritako marka
12:30ean zuten jarria legorretarrek hitzordua Aitor Zunzunegi Tapia herriko mendi korrikalariaren erronkaren bukaera ikusteko, eta ia bera izan da lehendabizikoa iristen. 2.16.58an egin du Legorretatik Herniorako joan etorria. Aise gainditu du, beraz, 1969. urtean Julian Garmendia Goiburu Kortatu-k jarritako marka. 3.00.18 behar izan zuen berak.
“Oso gustura” dagoela esan du du iritsi bezain laster. “Sekulako ilusioa egiten zidan gaurko egunak, desberdina zelako: herrian, herriko jendearentzat, garai batean egindako marka bat… Hau edozein lasterketa baino hobea da”. Herritarrentzako esker oneko hitzak izan ditu udaletxeko balkoitik. Azpimarratu du sekula ez dela bakarrik sentitu (Hernioko tontorrera igo da legorretar talde bat) eta animoek azkarrago joaten lagundu diotela.
“Oso ondo sentitu naiz. Irtendakoan esan diot nire buruari %80ra joateko, luzea delako eta ez nuelako inorrekin lehiatu behar. Baina ordulariari begiratu eta ikusten nuen oso azkar nindoala. Bidanira espero baino bost minutu lehenago iritsi naiz eta Herniora, hamar minutu lehenago”, kontatu du. Halere, “eskerrak suabe irten naizen”, aitortu du. “Bi ordutik gora luze egiten dira urtarrilean”. 2024an bi ordutik gorako lehen proba izan du gaurkoa.