Makalaaak, Ampokoak baino biziagoak
Makalaaaken eta Ampoko beteranoen arteko herri kirol demak ikuskizun bikaina eskaini du. Igarondo pilotalekuko harmailak mukuru bete dira eta gozatu ederra hartu dute
Makalaaak taldea eta Ampoko beteranoak nor baino nor aritu dira herri kirol deman, Idiazabalgo San Blas jaietako lehen egunean, gaur arratsaldean. Parean izan dira denbora osoan eta azkenera arte ez da argitu nork irabaziko zuen. Gozatu ederra hartu dute, ondorioz, Igarondo pilotalekuan bildu diren ikusleek. Harmailak bete egin dira eta ikusle askok zutik eta buruen artetik begira jarraitu behar izan dute lehia.
Makalaaak ez dira horren makalak. Bederatzi probako zirkuituari hiru buelta eman behar zizkioten: Aizkora, zakua (pilotalekuari bi itzuli), ingudea (20 kolpe), korrika (lau itzuli), harria (zortzi altsaldi), giza-proba (lau plaza), trontza (bi xerra), txingak (lau plaza) eta lokotsak (hamaika). Aurreneko zatian aurrea hartu dute Makalaaakekoek, baina Ampokoek buelta ematea lortu dute hirugarren eta azken itzuliaren hasieran. Bazirudien beraiek irabaziko zutela, baina korrikako saioan burua berreskuratu dute Makalaakekoek eta errentari eustea lortu dute, segundo gutxitakoa izan den arren.
Dema borobiltzeko, sokatiran aritu dira. Hiru tiraldi egin dituzte eta bi, Makalaaakekoek irabazi dituzte. Azkena, erabakigarria izan dena, ikusgarria izan da: erori egin dira eta txilipurdika ibili dira bi taldeak.
Dena dela, festa giroko ekintza zenez, ez da egon markagailurik. Bi taldeek elkarrekin ospatu dute bukaeran. Ikusleek txalo artean agurtu dituzte.