Milaka lagunek euskal agintari eta enpresariek Palestinako gerran duten "konplizitatea" salatu dute
Propio egin dute nazio mailako mobilizazioa Goierrin, CAF "erantzukizun zuzena duten enpresen adibide garbia" delako. Multinazionalaren ataritik pasa da manifestazioa. Israelen desagerpena eskatu dute.
Euskal Herriko toki ezberdinetako “milaka” herritarrek mendebaldeko gobernuek eta enpresek sionismoarekin duten “konplizitatea” seinalatu dute gaur eguerdian, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak Ordiziatik Beasainera antolatutako manifestazioan. Propio egin dute nazio mailako manifestazioa Goierrin, CAF “erantzukizun zuzena duten enpresen adibide garbia” delako euren hitzetan. Enpresaren ataritik pasa direnean Boycott Israel zioen pankarta bat zabaldu dute.
Mobilizazio jendetsua izan da. Beasaingo Jose Migel Iturriotz kalea alderik alde bete du saldoak. Buruan, Sionismoarekin konplizitaterik ez zioen pankarta eraman dute, eta horren aurretik ikurrin eta Palestinako bandera handi bana eraman dituzte. Manifestazioan ere Palestinako bandera ugari izan dira, eta «Boikot Israel, Palestina askatu», «Israel hiltzaile, CAF laguntzaile» eta «sionismoarekin negoziorik ez» oihukatu dute, besteak beste. Adin, jatorri eta sinismen ezberdinetako euskal herritarrak nahastu dira.
Erauskin plaza lepo bete da amaiera ekitaldian. Azahara Hag Palestinarekin Elkartasuna ekimeneko kideak irakurri du mezua: palestinar erresistentziari “babesa” adierazi dio, Israel burutzen ari den “genozidioa” salatu du eta mendebaldearen “konplizitatea” akusatu du. Tartean, CAF mutinazional goierritarrarena: “Izan ere, Palestinan eraikitzen ari den tranbiaren bitartez, palestinarren jabetzak konfiskatzen, Jerusalemgo auzoetatik palestinarrak kanporatzen eta kolonoen hedapena errazten ari da”. Ez dela enpresa bakarra gaineratu du. M Torres, Sener, ITP Aero eta Sapa aipatu ditu. “Euskal alderdi eta instituzioak horrenbeste goresten duten euskal enpresa ereduak irabazi ekonomikoak lehenesten ditu beste edozeren gainetik. Gurean ere, enpresari handiek Europar Batasunaren eta NATOren paper inperialistari esker betetzen dituzte poltsikoak”; Euskal Herriko instituzioen “erantzukizuna” eta ezeker-eskuineko alderdi politikoen “konplizitatea” ere mintzagai izan ditu. “Palestinar erresistentzia kriminalizatzen eta entitate sionitarekin harreman ekonomiko, politiko eta militarrak izaten jarraitzen duten bitartean, instituzioetatik bakearen alde egiten diren adierazpenak paper errea baino ez dira”.
Israelekin harreman oro eteteko eskatu die agintariei eta enpresariei, eta herritarrei hori lortu arte presio egiten jarraitzeko deia egin du. Are gehiago, Israelen desagerpena eskatu du. Isrelgo bandera bat ere erre dute. “Palestinaren askatasuna ez da etorriko Israel zilegiztatzen duen nazioarteko komunitate deiturikoaren eskutik, baizik eta klase eta herri zapalduen elkartasun eta antolaketa internazionalistarenetik”. Internazionala abestuz amaitu dute manifestazioa.