Itsasondoko Udalak 2024an 1.600.000 euroko aurrekontua izango du
Denda berria egitea, baserrietarako ura jartzea eta zabortegia berreskuratzea dira inbertsio nagusiak. Beko Kale bukaerako lursail industriala salgai dago, kalea bera egokitzeko baldintzarekin.
Itsasondoko Udalak 1.600.000 euroko aurrekontua izango du 2024an. Abenduaren 20an egindako udal batzarrean hasierako onarpena eman zion udalbatzak aho batez proposamenari. Hiru inbertsio nagusi izango dituzte egiteko: denda berria, baserrietako ura jartzeko proiektuko bigarren fasea eta meatzaritza zabortegia berreskuratzea.
Aurrekontuaren ia laurdena pertsonal gastuetan joango da. Zehazki, 500.000 euro bideratuko dituzte horretara. Aurrekontuaren beste zati handi bat dendarako izango da, diru laguntzen bidez ia osorik estaliko dutena. Next Generation diru laguntzetatik 400.000 euro jaso ditu udalak dendaren proiekturako, baina diru laguntzekin gertatzen den bezala, horren BEZa udalaren kontura izango da.
Baserrietan ura jartzeko proiektuaren bigarren faseak 500.000 euroko inbertsioa beharko du. Bertatik, udalak 170.000 euro jarriko ditu. Eusko Jaurlaritzako Erein diru laguntza jasoko dute, eta Ur Partzuergoak ere egingo du diru ekarpena.
Legorretako mugan dagoen meatzaritza zabortegiko inbertsioari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren garai bateko meategietako hondakinak berreskuratzeko programa batean dago Itsasondoko Udala. Milioi erditik gorako inbertsioa litzateke, baina Eusko Jaurlaritzaren esku egongo da eta udalak bitartekari lanak egingo ditu.
Sarreretako bat
Itsasondoko Udalak lursail industrial bat dauka Legorretara bidean. Hori salgai jarri dute industriaren batek erosi dezan, baina baldintza batzuk zehaztu dituzte. Baldintzetako bat da lursailaren ondoan dagoen Beko Kalea egokitzea eta bertatik errepide nagusirako lotura egitea. Horren bidez, Beko Kalea zentzu bakarrean geratuko da. Horrekin 100.000 euroko diru sarrera izatea espero dute, nahiz eta. Iñaki Aizpuru alkateak azaldu duenez, “Beko Kaleko obra izan lehentasuna”.
Denda, plazara
Denda berria gaur egungotik gertu kokatuko dute, eraikin berean, baina plazako izkinean. “Lokala handiagoa da, irisgarritasuna bermatuko da, bikoiztu egingo da azalera”, azaldu du alkateak. Altzagan eta Araman takilak jarriko dituzte janaria jasotzeko, eta Internetetik eskatzeko modua ahalbidetuko dute.
Eskolako sarrera
Eskola berriaren lizitazioa eginda, lanak ekaina aldera hastea aurreikusi dute. Udalaren kontua izango da sarrera irisgarria egitea, eta horretarako 700.000 euroko aurrekontua zehaztu dute. Esleipena egiteko dagoenez, baina, ez dakite zehazki zein epetan egingo den. Aurten ez bada, hurrengo urteko aurrekontuan sartuko dute.