Noiz etorriko da trena gaur?
Aldiriko trenaren eta erdi distantziako tren zerbitzuaren erabiltzaileak kexu dira ia egunero ordutegian atzerapenak daudelako eta trenak bertan behera geratzen direlako. Tren zerbitzua hobetzeko neurriak har ditzala eskatu diote Renferi.
Mugikortasunarena erronka handia da. Asko hitz egiten da azpiegitura berriez, baina ez hainbeste aspalditik dauden eta zerbitzua ematen ari diren haien mantenuaz, kalitateaz edo hobekuntzaz. Brinkolatik Irunera doan trenbidea eta bere azpiegitura osoa zahartuta gelditu da, erabiltzen duen edonork ikus dezake hori eta badirudi azpiegitura hau hobetzea ez dela arduradunentzat lehentasuna izan azken hamarkadetan. Adifek, Renfek eta Espainiako Sustapen Ministerioak oso inbertsio gutxi egin dituzte. Urrunetik eta interesik gabe kudeaturiko zerbitzua izan da Irun eta Brinkolaren arteko trenbidea.
Hobekuntzak egitea eta egungo beharretara egokitzea ezinbestekoa da, egunero-egunero zerbitzu hau erabiltzen duten milaka eta milaka gipuzkoarrentzat. Baina arazoak handitzen jarraitzen du. Geltokiak ez daude erabiltzaile guztientzat egokituta, trena eta nasaren arteko distantziak handiegiak dira. Irisgarritasun arazoei, segurtasun falta gehitu behar zaio, behin eta berriro jartzen da arriskuan hiritarren bizitza. Oraindik, hainbat geltokitan trenbide gaineko pasabide arriskutsuak daude.
Gainera, tren zerbitzuaren kalitateak behera egin du nabarmen. Matxurak, atzerapenak, trenak bertan behera gelditzea eta bestelako intzidentziak eguneroko izerdia bihurtu dira, egunero-egunero ikastera, lanera edota medikura joateko zerbitzua erabiltzen duten milaka herritar direlarik kaltetuak.
Rakel Revuelta urretxuarrak, Tolosan lan egiten du, eta lantokira joateko trena erabiltzen du. Ia 20 urte daramatza astelehenetik ostiralera egunero-egunero trena erabiltzen. «Nekatuta» dago. «Azkeneko urteetan gertatzen ari dena ez dut sekula ezagutu, inoiz baino okerrago dabiltza trenak», baieztatu du. «AHTaren obrak eta Donostiako geltokiko lanak hasi zituztenetik, egunero dugu zerbait», ondorioztatu du. Baina arrazoi gehiago ere badaudela argi dauka: «Ez da egun dauden arazoen arrazoi bakarrak, Renfek aitzakia modura erabiltzen ditu obrak, baina aldiro matxuratzen dira trenak edo azpiegiturak, eta gainera, langile beharra dago, makinista falta dago eta gaixo erortzen direnean, ez dago ordezkorik».
Berarentzat, beste milaka gipuzkoarrentzat bezala, ezinbestekoa da zerbitzu hau egoki funtzionatzea. «Nik lanera joan etorria egiteko behar dut trena, bai ala bai, eta sarri, lanera berandu iristen ari naiz eta etxera itzulera ere abentura bat da» kexatu da, berriro ere.
Arduradunei zer eskatuko liekeen galdetuta erantzun du, «zerbitzua behar bezala betetzea eskatuko nuke, baina horretarako uste dut beharrezkoa dela azpiegiturak berritzea, langile gehiago kontratatzea, eta arazoen aurrean aurrea hartzea eta zerbitzu alternatiboak eskaintzea». Gainera, «gardentasuna» exijitu du: «Eguneratu ditzatela telefono mugikorreko aplikazioetako ordutegiak», adierazi du etsita.
Urretxuar honen testigantzak bat egiten du beste erabiltzaile askoren kexarekin. Legazpiko udaletxean esaterako, trenak atzerapenarekin iristen direlako edo iristen ez direlako, udalak arazo horri «berehalako konponbidea» emateko eskatu zion Renferi, herritarren aldetik eskaerak eta kexak jaso ondoren. Udala irailean jarri zen harremanetan Renferekin, eta arazoa «berehala konpontzeko» eskatu zion. Renfek erantzun zuenez, «arazo operatiboak dira eta aldez aurretik jakiterik ez duten zirkunstantzia izanik» aldez aurretik jakiterik ez duten zirkunstantzia izanik.
EH Bilduren mozioa
Irun eta Brinkola arteko Adifen trenbidea eta Renferen aldiriko zein distantzia erdiko zerbitzuak hobetzeko mozioa aurkeztu du EH Bilduk urtarrileko ohiko osoko bilkuran, Beasainen, Gipuzkoako hainbat udalek onartu dutena. Alde bozkatu zuten EH Bilduk, EAJk eta Podemosek, eta kontra, berriz, PSE-EEk. Zerbitzuaren maiztasunak eta ordutegiak bete eta trenbide azpiegiturak hobetzeko eskatu du udalbatzaren gehiengo zabalak.
Aldiriko zein erdiko distantziaren linean eskaintzen diren zerbitzuen maiztasunak eta ordutegiak «urgentziaz» betetzeko eskatu dio udalak Renfe operadoreari. Gipuzkoan AHTren obrek trenen zirkulazioan eragiten duten kaltea ahalik eta gehien gutxitu dezatela ere eskatu die Espainiako Sustapen ministerioari eta Eusko Jaurlaritzaren Garraio sailari.
Beasaingo Udalak nahi du Espainiako gobernuak Eusko Jaurlaritzaren esku uztea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Adifek kudeatzen dituen trenbide azpiegiturak, tartean Irun eta Brinkola artekoa, eta baliabideak jartzea Irun eta Gasteiz arteko distantzia erdiko zerbitzuan. Horretarako Eusko Jaurlaritzak Espainiako gobernuari zerbitzu eta azpiegitura horien eskaera egin diezaiola eta plangintza bat landu dezala eskatu dio udalak, modu horretara, zerbitzua hartu bezain pronto beharrezkoak diren hobekuntzak egiteko.
Hobekuntzak, bereziki, trenbide gaineko pasabide arriskutsuak kentzeko eta geltokietan eta inguruetan erabiltzaile guztien irisgarritasuna bermatzeko eskatu du Beasaingo Udalak.