Artzaintza, hain gertu eta aldi berean hain urruti dagoen mundu hori
Gaztagintza eta arkumeen sekretuak ezagutzeko bisita jasoko dute igandean Segurako Ondarren. Anduetza parketxeak antolatu du, eta bertan eman behar da izena.
Museo bizi bihurtuko da berriz ere Segurako Ondarre baserria igande honetan, herritarrei artzaintzaren mundua gerturatzeko helburuarekin. Gaztagintza eta arkumeen sekretuak izeneko jarduera gauzatuko da bertan, Zegamako Anduetza Parketxeak antolatuta.
Baserri horretan artzaintzaren eta gaztagintzaren jarduera da nagusi, eta hori bertatik bertara ezagutu nahi dutenen bisita berezia jasoko du Goiburu familiak. Bisita 11:00etan hasiko da, eta bi orduko iraupena izango du. Parte hartzeko izena eman behar da 943 80 21 87 edo 688 623 609 telefono zenbakietara deituta, edo anduetza@gipuzkoanatura.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita.
Arkumeak eta gazta
Artzaintzaren ogibideak erpin asko ditu, baina bisitariei gehien gustatzen zaiena, batez ere txikienei, arkume jaio berriena da. Ondarre baserriko artaldean azaroa eta abendu artean jaio ziren arkumeak, eta bisitariek ukuiluan bertan ikusiko dituzte, baita jaten eman ere. Hortxe hasiko da bisita.
Gaztandegian jarraituko du gero, Segurako baserri honetan hasita daudelako dagoeneko gazta egiten, Idiazabal jatorri izendapenekoa, eta aurreko kanpainetan makina bat sari irabazitakoa. Gazta hori nola egiten duten ezagutzeko aukera izango dute bisitariek, baita artzainek erabiltzen dituzten tresnek izandako bilakaera ere.
Bukatzeko, gazta ketua, ketu gabea eta gazta zaharra dastatzeko aukera izango dute, sagardoaz eta uraz gozatuta, eta Eneko Goiburu bertako gaztagileak emandako azalpenekin lagunduta.
Bisitak, 2016tik
Artzaintzaren lanbidea herritarrei gerturatzeko ekimen hau 2016an abiatu zuten elkarlanean Anduetza Parketxeak eta Ondarre baserriak, eta orduz geroztik makina bat bisita egin dituzte Segurako txoko horretara. Azkena hilaren 21ean egin zuten, duela hamar egun eskas, eta igandekoa, aurtengo bigarrena eta azkena izango da.
Horrelako ekimenek artzaintza eta baserria balioan jartzeko antolatzen dira, eta, aldi berean, hain gertu baina hain urruti dagoen mundu hori gainerako herritarrei gerturatzeko ere bai.