Aitor Buendia kazetaria eta Lemniskata ohorezko kofradiakide izendatuko dituzte
Otsailaren 5ean ospatuko dute Loinazko San Martin eguna Beasainen. Egun osorako egitaraua izango da eta, tartean, Odolkiaren Kofradiak bere kapitulua egingo du.
Otsailaren 5ean ospatuko dute Loinazko San Martin eguna Beasainen. Egun osorako egitaraua izango da eta, tartean, Odolkiaren Kofradiak bere kapitulua egingo du. Lemniskata zientzia sare herrikoia eta Aitor Buendia kazetaria izendatuko dituzte ohorezko kofradiakide.
Astelehena izanda ere, Euskal Herriko eta kanpoko kofradia dezentek parte hartuko dute. 21 izango direla baieztatu dute antolatzaileek. Kofradiei harrera 09:30ean egingo diete, Igartza Jauregian. 10:20ean, kofradien kalejira hasiko da, Goizeresi txistulari taldea eta Musika Eskolako bandak eta txistulariek lagunduta. Igartzatik irten, San Martinen estatuara iritsi eta lore eskaintza egingo dute bertan. Ondoren, ohorezko aurreskua dantzatuko diote.
Handik, San Martin plazaraino inguratuko dira eta bertan egingo dute kofradiaren 37. kapituluaren ekitaldi nagusia. Ohorezko kofradiakideen izendapena ere orduan egingo dute.
Urbiberriko ospakizuna
Urbiberri gizarte zentroan ere ospakizun eguna izango dute. 13:30ean bazkideentzat luncha izango da. Arratsaldean, berriz, Isabel Aldaregia Latorre eta Jose Mari Orbezabal Rabanos omenduko dituzte eta Aurtzaka dantza taldeak dantza-saioa eskainiko du. Gurea abesbatzaren emanaldia ere izango da. Baita Urbiberri Gizarte Zentroko Argi dantza taldearen emanaldia ere. Ondoren, dantzaldia, 21:00ak arte luzatuko da.
Herri kirolak
Bezperan, igandean, herri kirol jaialdia izango da, Dolarea parkean, 12:00etatik aurrera. 2024 Urrezko Aizkolari Binakako Txapelketa – Eusko Label saria jokatuko da. Iker Vicente eta Arkaitz Etxebeste, Julen Gabirondo eta Xabier Zaldua zumarragarra, eta Joxean Etxebrria eta Oier Kañamares izango dira lehian.
Harrijasotzen, berriz, Aimar Galarraga, Beñat Telleria eta Karmele Gisasola arituko dira.
Euria egingo balu, Antzizar kiroldegian egingo lukete.
EGITARAUA
- IGANDEA
12:00. Herri kirol jaialdia. - ASTELEHENA
09:30. Kofradien harrera.
09:30. Goiz eresia.
10:20. Kofradien kalejira.
11:00. Meza nagusia.
11:00. Odolki dastaketa.
12:00. Musika eskolako bandaren emanaldia.
12:00. Kofradiaren kapitulua.
14:30. Bazkaria.
16:30. Haurren pilota partidak.
18:00. Bentazaharreko mutiko alaiak kalean.
18:30. Ekain pailazoaren saioa.