'Aldaize', herriko gertakarien ahotsa eta gordailua
Idiazabalgo herri aldizkariko lantaldeko kideek irakurriko dute bihar San Blas jaietako pregoia. Eskertuta daude haiekin akordatu direlako.
Aldaize herri aldizkaria 2004an sortu zen Illati euskara elkartearen babesean. «Berriak euskaraz irakurtzeko ohitura falta» zegoela eta sortu zuten, Uxune Alustiza kideak dioenez. Idiazabal herri euskalduna izanagatik, «arnasgune hori elikatzen jarraitzeko» beharraz ere ohartu ziren, eta aldizkariak helburu horretan lagunduko zuela uste izan zuten. Baita asmatu ere.
Ordutik 20 urte igaro dira eta makina bat ale argitaratu dituzte bi hilean behin,—2020an 100. zenbakia argitaratu zuten eta ospakizun berezia egin zuten pandemia betean—. Iaz aurpegia berritu zioten aldizkariari eta aurtengo udaberrirako webgune berria martxan jartzekotan dira.
Beraiena borondatezko lana dela jakitun, «20 urtez irautea altxor bat» dela jakin badakite. Zortzi laguneko lantaldeaz gain, aldizkaria banatzeko, hamar lagunez osatutako beste boluntario talde bat ere badute. Baina «zailtasunak» ere aipatu ditu Alustizak: «Guztion arteko koordinazioa ez da erraza. Batzuetan arrastaka ibiltzen gara, borondatezko beste lan askotan bezala», dio.
Axariaren jaitsieran pregoia irakurriko dute aurten. «Pregoia botatzeko ilusioa baino gehiago da gurekin akordatu direla sentitzea», esan du Alustizak. Pregoi motza egingo dutela aurreratu du, baina hartuko dute euren burua zoriontzeko tartea, «merezi dugulako», dio. Taldera gerturatzeko gonbita egingo diete herritarrei, eta noski, irakurleei ere eskerrak emango dizkiete, «beraiek gabe ez garelako ezer».