Alokairurako bi etxebizitza atonduko ditu Olaberriko Udalak Ihurre auzoan
2024rako udal aurrekontutik, lehengo tabernaren lekuan sortuko ditu etxebizitzak. Inoizko diru sail handiena izango du udalak, lehen aldiz 4 milioitik igarota. Inbertsioetarako 1, 5 milioi ditu.
Olaberriko Udalak abenduan onartu zituen 2024. ekitaldirako aurrekontuak. Inoizko diru kopuru handiena izango du: 4.045.000 euro. Lehenbiziko aldiz, lau milioiko langatik gora igaro da Olaberria.
Diru sarreren hazkuntzak ahalbidetu du halako kopurua esku artean eduki ahal izatea. «Sarrerek markatzen dute aurrekontua, lau milioi eurora erraz iristeko modua ikusten dugu. Ondorioz, inbertsioak eta gastuak nondik joango diren ere horrek markatuko du», azaldu du Jokin Garmendia alkateak.
Inbertsioetarako ere inoizko poltsarik beteena bideratu ahalko dute, horrela. Azpiegiturak hobetzeko edo berriak eraikitzeko, nahiz zerbitzuak egokitzeko, guztira 1,5 milioi daude 2024an.
Urterako egitasmoak
Inbertsioen zati bat etxebizitza arlorako gorde dute. Ihurren, lehen taberna zaharra zen lekuan, alokairurako bi etxebizitza antolatuko eta berrituko ditu udalak.
Ur kontagailuen sistema digitalizatu eta automatizatzeak ere baliabide ugari beharko du, ia 400.000 euro. «Momentu oro, uraren kontsumoa udalak eta herritarrek kontrolatu ahal izango dute sistema berriarekin».
Igerilekuko aldagelak berritzea, kaskoko nahiz Ihurreko haur parkeak berritzea, elizaren bueltako kalearen urbanizatze obrak egitea, erabilera anitzeko lokal berrian soinu eta argiztapen ekipamenduak hornitzea, edota Ihurren argiz pizten direnak zebrabide batzuk egokitzea dira aurtengo beste lan batzuk.
Udaletxeko berogailu sistema aldatuko dute, jasangarriago bat ipintzeko. Aerotermia jarriko dute, gasezkoaren ordez.
Ingurumen ekintzarako –baso garbitzeak, lurrak erosteko…– 75.000 euro bereizi ditu udalak. Jaien eta kulturako aurrekontuak mantenduko dira, eta beste diru sail bat sortuko da, gazte taldeak antolatutako festetarako.