«Bazter batean utziko nituzke Movistarreko azken bi urteak»
Cofidis taldean ariko da aurten Gorka Izagirre, Ion anaiarekin batera. Prest da hari laguntzeko, baita bere kabuz emaitzak lortzeko ere. «Movistarren baino askatasun handiagoa izango dut». Urte bakarrerako sinatu du, kontratu luzeagoa nahi zuen arren.
Galderatik galderara eztul egiten du Gorka Izagirrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1987). Gripeak jota ibili dela igartzen zaio. Azken egunetako gauza izan da; bestelakoan, «indartsu» sentitu da denboraldiaurrean. Mallorcan ekin berri dio lehiari, Cofidisen maillota soinean. Movistarren «gorabehera gehiegi» izan du azken bi urteetan, eta hutsetik hasi nahi du orain.
Mallorcan abiatu duzu denboraldia. Nolakoak izan dira lehen sentsazioak?
Hasteko ilusioa neukan, baina gaixotu egin nintzen lehiatzen hasi baino egun batzuk lehenago. Gripea pasatu dut, eta oso ahul egon naiz. Ez dira lehiatzeko baldintzarik onenak. Taldea jende faltan zegoen Mallorcako lasterketetarako, eta ni hor egoteko beharra zeukan, gutxienez etapen aurretik sinatzeko.
Bestela, pozik zaude neguan egindako prestaketarekin? Lokatzetan, behintzat, indar betean aritu zara.
Pozik nago, bai. Lan ona egin dut errepidean, eta ziklo-krosean ere ondo aritu naiz, emaitzei gehiegi begiratzen ez diedan arren. Azken batean, arreta errepidean dut jarria. Hala ere, lokatzetan indartsu ibiltzeak konfiantza ematen dizu, baita gosea piztu ere, errepidean lehiatzen hasteko.
Cofidisen arituko zara aurten, Movistarren bi urtez aritu eta gero. Zergatik aldatu duzu taldez?
Lehenengo eta behin, Movistarrek ez zidalako aukerarik eman bertan jarraitzeko. Hori horrela izanik, nire aukera nagusietako bat Cofidis zen. Apur bat kostatu zen adostasun bat lortzea, baina harreman ona izan dugu hasieratik. Kanpoko talde bat da, baina gertuko jendea nuen han, ziklista multzoan nahiz teknikari taldean. Erabakia hartzen lagundu dit horrek. Uste dut talde egokia dela nire ibilbideari jarraipena emateko.
Eta zer zailtasun izan zen negoziazioetan?
Kontratua lotzeko orduan, iraupenari garrantzia ematen diozu beti. Bi urte edo gehiagorako sinatzea izaten da onena. Ordea, urtebeterekin konformatu behar izan dut.
Nola laburtuko zenituzke Movistarren egin dituzun bi urteak?
Emaitzak ez dira onak izan, saiatu naizen arren. Gorabehera gehiegi eduki dut, bai erorketengatik, bai gaixotasunen ondorioz. Ez dira nire urterik onenak izan, inondik inora ere. Bazter batean utziko nituzke. Iaz, behintzat, nire benetako mailara hurbildu nintzen, eta pozik egoteko moduko emaitzak lortu nituen sasoi hasieran. Ordea, zapore mikatza gelditu zait oro har.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.