Laiotz herri eskolak kultur astea egingo du astelehenean hasita
Aspaldiko urtetan ohitura bihurtu denez, Kultur Astea egingo dute inauterien ingurumarian Segurako Laiotz herri eskolan. Datorren astelehenean hasi eta ostiralera arte luzatuko da kultur astea; eguneroko errutinatik irten, eta eskolako jardunean ohikoak ez diren ekintzen bitartez ikasten jarraitzeko aukera izango dute ikasleek.
Askotariko ekintzak antolatu dituzte datorren asteari begira, «ekintza ezberdinak egingo ditugu, monografiko moduan gai ezberdinak lantzeko», esan du Jone Iturrioz, Laiotz herri eskolako zuzendariak. Bi euskal idazleren bisita izango da tartean; asteartean Nerea Loiola LH 4. mailako ikasleek bilduko da eta asteazkenean, LH 5 eta 6. mailakoek Iñaki Zubeldiaren bisita jasoko dute.
Amaiera mozorrotuta
Aurten, hainbat gurasok ere parte hartuko dute kultur astean, «Josu Zubeldia suhiltzaileak eta Nahikari Urkiola anbulantzia gidariak euren lanbideei buruzko azalpenak emango dituzte». Mikel Imaz irakaslea, arraunlaria ere bada eta arraunaren mundua gerturatuko die ikasleei.
Asteazkenean, 15:00etan dantza eta abesti ikuskizuna egingo dute frontoian, «herri guztiari zabalduta». Azpimarratzeko beste ekintzen artean, ostiraleko mozorro desfilea dago. Desfilearekin eta ondorengo ikuskizunarekin amaituko da astea, Artzaren jaitsierak erreleboa hartuta.