Legazpiko erdigunea Telleriarte auzoan dago
Jose Ignazio Murua topografo jubilatuak Legazpiko erdigune geografikoa non dagoen kalkulatu du, eta marka bat jarri du lurrean. Beste herri askotakoa non dagoen ere zehaztuta du.
Ez dago Euskal Herria plazan, edo Kale Nagusian, ezta Laubiden ere. Legazpiko erdigune geografikoa Telleriarte auzoan dago. Hala kalkulatu du Jose Ignacio Muruak, eta erdigune horren kokapena adierazten duen seinalea ere jarri du bertan. Legazpitik Oñatira doan GI-2630 errepidearen ondoan dago, Eseizabal baserrirako sarreran.
Murua lanbidez topografoa eta topografiako irakaslea izandakoa da, besteak beste. Orain jubilatuta dago, Nagusilaneko boluntarioa da, eta horrez gain, herrietako erdigune geografikoak kalkulatzen ditu, afizio hutsagatik. Euskal Herriko hiriburuetakoak eta Gipuzkoako herri askotakoak kalkulatuta ditu, eta hainbatetakoak markatuta ere bai. Azken horien artean dago Legazpikoa. Murua jaiotzez errenteriarra da eta Pasai San Pedron bizi da, baina harreman estua du Legazpirekin, Pili Arrizabalaga emaztea legazpiarra delako.
Koordenatuen kontua
Legazpira Nagusilaneko ekitaldi batera etorritako batean hurbildu zen azkenekoz Telleriartera Murua duela aste batzuk, boluntario taldeko kide batzuei puntu zehatz hori non dagoen erakustera. Kalkulua nola egin zuen azaldu zien, gainera. Legazpiko mapa, maparen silueta kartulinan ebakita, kalkuluz beteriko orria… eta noski, GPS gailua erabili zituen horretarako.
Muruak azaldu zuenez, erdigune geografikoa «grabitate erdigunea da, baina bolumenean izan beharrean, azaleran da, planimetrikoa da». Eta hori kalkulatzeko «herriaren mapa aurrean dugula, laukiak edo hirukiak bezalako figura erregularretan deskonposatzen da, eta ertz batean puntu zehatz bat markatzen da koordenada eta guzti, hortik abiatzeko». Ondoren hainbat biderketa, batuketa eta zatiketa egiten dira, eta emaitza, erdigunea adierazten duten koordenatuak dira.
GPSa hartzen du gero, koordenatuak lurrean kokatzeko. «Askotan lursail partikularretan daude, edo irisgarriak ez diren lekuetan… orduan inguruan markatzen ditugu». Izan ere, helburua ez da zehazki adieraztea herri bakoitzeko erdigunea non dagoen, baizik eta gutxi gora behera non dagoen jakinaraztea. Horixe gertatu da Legazpikoarekin, koordenatu zehatzak lursail pribatu batean daudelako eta errepide ondoan, gainera. Horregatik 100 metro inguru mugitu dute erdigunea adierazten duen seinalea, guztientzat irisgarria den leku batera.
Legazpiko erdigunea latitudeko 43,02916 eta longitudeko -2,34085 koordenatuetan dago (UTM koordenatuak: 553701 eta 4764264) eta lurrean jarritako burdinezko hodi xume batek adierazten du lekua.
Balio sentimentala
«Honek guztiak ez du balio ekonomikorik, ez besterik, balio sentimentala bakarrik. Nire ustez erdigune geografikoan herriko indar guztiak elkartzen dira. Sagarrondo bat, enpresa bat… dena egon beharko litzateke horra begira, horrela guztiek aukera berdinak izango lituzkete. Azken batean, erruleta baten modukoa da, erruleta bateko zenbaki guztiek dute aukera bera».
«Nire ustez, erdigune geografikoan herriko indar guztiak elkartzen dira»
Jose Ignazio Murua. Jubilatutako topografoa
Herri bateko erdigune geografikoa gune estrategikotzat du Muruak, «bertan konzentratzen dira bere garapen ekitatiboarentzako ezinbesteko kualitateak». Herriaren «bihotza» da, «ardatza». Muruak dioenez, «idazlea izango banintz, nire herriko erdigunean idatziko nuke, edo zerbait aurkeztu, edo haur bat bataiatu…».
Herri askotako erdiguneak
Legazpikoa bezala, Errenteriakoa ere markatuta du, baita Oiartzungoa ere, eta horietan udalek plaka bana dute jarrita. «Legazpikoak ere egoki ikusten badu…». Ba omen du udal ordezkariekin hitz egiteko asmoa.
Zortzi-hamar hiri eta herritako erdigune ditu bakarrik markatuta, eta horien artean Iruñekoa, Gasteizkoa eta Bilbokoa daude. «Iruñekoa Edificio Singular deitzen den eraikinaren ondoan dago Baluarte parkearen inguruan, Bilbokoa zezen plaza inguruan…».
Goierriko herri gehiagoren kalkulua ere egina du Muruak, baina lurrean aurkitu eta markatzea falta zaio orain.
Orain arte beste inork ez du horrelako lanik egin.